Ekonomia -
Lan-gatazka
Medikuak grebara itzuliko dira Nafarroan, lan-hobekuntzak eskatzeko
Nafarroako Medikuen Sindikatuak greba egiteko aldarrikapen asko dituen arren, medikuentzat lehentasunez negoziatu beharreko bi gai daude: "lan-gainkarga" eta "lan-baldintza guztiak hobetzea".
Agentziak | EITB Media
Nafarroako Medikuen Sindikatuak grebara deitu ditu astelehen honetan hasi eta apirilaren 6ra arte Nafarroako medikuak.
Deialdiari eusteko arrazoien artean daude Nafarroako osasungintzaren egungo egoera, Foru Gobernuarekin eta Osasun Departamentuarekin elkarrizketarik eza, iraganean adostutako akordioak ez betetzea eta 2025eko Foru Aurrekontuen Legearen barruan medikuentzat lan-hobekuntzarik ez jasotzea.
Sindikatuak aldarrikapen asko dituen arren, greba honen oinarrian medikuentzat lehentasunez negoziatu beharreko bi gai daude. Alde batetik, "medikuen lan-gainkarga jasanezinari amaiera eman behar zaio; pazienteei behar den denbora eskaintzea eragozten du, eta Administrazioak lanaldiaz haragoko lanordu gehiegi egitera behartzen du, mugarik gabe, zerbitzuaren beharrak aitzakiatzat hartuta". Eta, bestetik, "inguruko gainerako erkidegoekin lehiakor egingo gaituzten lan-baldintza orokorrak hobetzea, tartean BAME aldia A mailako karrera profesionalean txertatzea". Izan ere, azaldu dutenez, "Nafarroakoak dira BAME (barneko mediku egoiliarrak) aldia karrera profesionaletik kanpo dauden osasun-langile bakarrak, eta diskriminazio hori onartezina da".
400 euroko soldata igoera
Medikuen Sindikatuak greba mugagabea egin zuen 2023ko otsailean, eta orduan Osasun Departamentuak lan-baldintzen hobekuntza batzuk sinatu zituen, besteak beste, 400 euroko igoera nominetan.
Era berean, lanpostu-osagarri bat ezarri zen Lehen Mailako Arretako taldeetako eta ospitalez kanpoko larrialdi-zerbitzuetako administrarientzat; lekualdatzeagatiko beste kalte-ordain bat ezarri zen betetzen zailak diren plazak betetzen dituzten Lehen Mailako Arretako taldeetako langileentzat, eta eguneratu egin zen aurrez aurreko eta lokalizatutako guardiako txandetako lansaria.
Horrez gain, sendagile bakoitzak egunean gehienez ere 32 paziente izatea ezarri zen, eta aurrez aurreko pazienteko 12 minutuko tartea. Pediatren kasuan, adostu zen gehienez ere egunean 24 paziente izatea.
Ordutik, sindikatuak salatu du ez direla bete sinatutako akordioak. 2024ko urrian bertan behera utzi zuten greba, pazienteei kalterik ez egiteko, baina oraingoan berriro deitu dute, eta ia hilabeterako, gainera.
Nafarroako Gobernuak bere jarrerari eutsi dio
Greba deialdia iragarri zenetik, Osasun Departamentuak ez du adierazpenik egin jendaurrean, baina Amparo Lopez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak adierazi du "greba batzorde bat" sortuko dela "dagozkion negoziazioetarako".
Lopezen arabera, lanean jarraitzen dute "pazienteen arazoak benetan konponduko dituzten neurriak hartzeko. Profesionalek ere kezkatzen gaituzte, eta, ildo horretan, zerbitzua hobetzeko" lanean ari dira. Hala ere, azpimarratu duenez, "ezin da estamentu bakar baten aldarrikapenei bakarrik erantzun, egungo egoera ekonomikoa eta sanitarioa oso-osorik hartu behar da kontuan".
Horren hitzetan, "grebak langileen tresna bat dira, eta inoiz ez da grebarako une egokia". Hori dela eta, Gobernuak "eragina minimizatzea eta egoera horrekin lehenbailehen amaitzea" bilatuko duela esan du.