Ekonomia -
Sutea Soraluzen
Soraluzeko Galvanizados Arrate enpresan izan den suteak hilabeteetarako gelditu dezake lantegia
Lau makinetako bi suntsitu ditu suak, eta ikusi beharko da beste bi makinetan eta eraikinean bertan kalteak zenbaterainokoak diren. Enpresak 23 langile ditu. Arduradunen arabera, hilabeteak beharko dituzte jardunari berriz heldu ahal izateko.
EITB Media
Kalte handiak eragin ditu Soraluzeko Galvanizados Arrate enpresan igande arratsaldean piztu den suteak, eta, arduradunen arabera, hilabeteak beharko ditu lantegiak berriro jardunari heltzeko.
17:30 inguruan piztu da sua lantegiko lau makinetako batean, eta hori eta albokoa erabat suntsitu dituzte garrek. Ikusteko dago beste bi makinetan eta instalazioetan kalteak zenbaterainokoak diren.
Berehala bertaratu dira suhiltzaileak, eta 20:15 ingururako itzali dute sua, baina ingurua hozten geratu dira.
Enpresak 23 langile ditu gaur egun.
Lantegiko arduradunak EITBri adierazi dioenez, baliteke "gabonak arte" lantegiko martxari berriz ekiterik ez izatea.