Ekonomia -
OPERAZIO EKONOMIKOA
Zorra jaisteko Balentziaga ontziolaren eta Cofidesen arteko akordioa "une batetik bestera" heldu daiteke
Zumaiako ontziola hartzekodunen konkurtsoan dago azarotik, eta martxoaren 31ra arteko epea du zorra bere gain hartuko duen norbait aurkitzeko.
EITB MEDIA
Balentziaga ontziolak Espainiako Ekonomia Ministerioaren mendeko den Cofides sozietate publiko-pribatuarekin duen zorraren zati bat kitatzeko akordioa "une batetik bestera" helduko da. Hala baieztatu du Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, goizean Gasteizen indarkeria matxista gaitzesteko egindako ekitaldi batean.
EITB Mediak asteon baieztatu du Zumaiako ontziolaren zorra murriztea onartu duela Cofidesek, 15 milioitik 8,5era. Gainera, kitapen horrek konkurtso-administratzailearen oniritzia jaso du. Garmendiak ez du kitatuko den kopurua zehaztu, baina ziurtatu du "jaitsiera nabarmena" izango dela.
Erantsi duenez, zorra txikitzea "urrats erabakigarria" izango da Balentziagarentzat, bazkide berri bat bilatzeko eta lanpostuak mantentzeko. "Egoera hobean geratuko da Balentziaga, egitasmo bideragarri bat abian jarri ahal izateko", zehaztu du.
Halaber, Espainiako Gobernuaren ordezkariak enpresaren gainerako hartzekodunei, bereziki bankuei, eskatu die Cofidesek izandako "konpromiso bera" izan dezatela. Ez du aurreratu balizko zein inbertitzailerekin ari diren hitz egiten, "zuhurtziagatik".
Balenciaga hartzekodunen konkurtsoan dago azarotik, eta martxoaren 31ra arteko epea du inbertitzaile bat aurkitu eta lanpostuak suntsitzeko lan-erregulazioko espedientea saihesteko. Gaur egun, 71 langile ditu Zumaiako ontziolak, baina ontzi bat eraikitzen ari direnean ehunka lanpostu sortzen ditu (600 inguru).