Ekonomia -

FISKALITATEA

Podemos Euskadik erreforma fiskala adostu du EAJ eta PSE-EErekin

Alderdi moreak nabarmendu du "zerga-berrikuspenaren proiektua ezkerrera" biraraztea lortu dutela, eurek nahiko luketen proiektu fiskala ez bada ere. Denera, 27 neurri txertatzea lortu dute.

Podemos Euskadiko kideak, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media
Podemos Euskadiko kideak, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media
Podemos Euskadi: 'Zerga berrikuspenaren proiektua ezkerrera birarazten duten 27 neurri sartu ditugu'

1:02

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Podemos Euskadik erreforma fiskala adostu du Eusko Jaurlaritzako bazkide diren EAJ eta PSE-EE alderdiekin. "Oro har, ez da Podemos Euskadik lortu nahi duen proiektu fiskala, baina gure proposamenekin lortu dugu zerga berrikuspenaren egitasmoa ezkerrera biratzea, eta horrek errenta baxuenei mesede egingo die". Hitzok erabili ditu Richar Vaquero alderdi moreak EAEn duen koordinatzaile nagusiak ituna definitzeko. Aurreko kontraproposamenarekin ez bezala, akordio honekin ez diete oinarriei kontsultarik egingo.

Gasteizen egindako agerraldian azaldu ditu adostutako neurriei buruzko xehetasunak Vaquerok, Eneritz de Madariaga Podemos Euskadiren Bizkaiko Batzar Nagusietako bozeramailearekin eta negoziazio fiskaleko mahaiko kidearekin batera. Edukiak aletu aurretik, hartutako erabakia justifikatzeko, koordinatzaileak esan du "gauzak aldatzea" dela euren izateko arrazoia, eta, horretarako, ezinbestekotzat jo du "maximalismoak eta pulpitutik egindako diskurtsoak" alboratzea. "Lokatzetara jaitsi" eta "gehien behar dutenen alde lan egitea" defendatu du. Bere hitzetan, errazagoa zatekeen "ezetzean" geratzea. "EAEko biztanleen % 50ri baino gehiagori egingo die mesede adostutakoak", erantsi du.

Adostutako neurrien artean, errenta baxuenen atalean jasotakoak nabarmendu dituzte. Aitorpena egiteko betebeharra 20.000 eurora igotzeaz gain, errenta aitortzeaz salbuetsita dauden herritarrek etxebizitza alokatzeagatiko kenkaria jaso ahal izango dute foru ogasunen aldetik, % 35erainokoa. "Horrela, alokairua ordaintzen duten eta errenta oso baxuak dituzten 8.000 pertsonak baino gehiagok osatuko dituzte beren diru-sarrerak". Aurreikuspenen arabera, alokairura bideratzen duten kopurutik 2.800 euro arte berreskuratu ahal izango dituzte errenta baxuena dutenek. Neurri horrekin, "zerga sistemaren egituran arrakala bat" irekitzea lortu dela uste dute.

Ekoizpen sarearen atalari dagokionez, Vaquerok adierazi du "guztira, 107.500 autonomo, mikroenpresa eta enpresa txikiren egoera hobetuko" dela "itunari esker", 52,2 milioi euro bideratuko direlako kolektibo horiei laguntzera.

Bestalde, progresibitateari eta birbanaketari lotutako erabakien artean aurrezkien eta inbertsioen gaineko inposizioa gogortzea adostu dute EAJ eta PSErekin, eta sozietate-zerga zein etekin berezien zerga handituko dira: sozietateen gaineko zergan gutxieneko tasa efektiboa % 15etik % 19ra igaroko da, eta aurrezki-tarifa, % 25etik % 28ra. Halaber, errenta altua dutenek ezingo dute etxebizitzagatiko kenkaria eskuratu.

Azkenik, lortutako konpromiso politikoen artean, honako hauek daude: foru aldundiek martxo eta apiril bitartean ateratzea gune tentsionatuetan alokairuak mugatzeko behar diren datuak, eta aurten sartuko da indarrean finantza-entitateen gaineko zerga berria.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Ekonomia PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi