Ekonomia -

LAN-ISTRIPUA

Langile bat hil da Arratzun, elektrokutatuta

61 urteko behargina Amuriza Cubiertas y Rehabilitaciones SL enpresan ari zen lanean, eta Loiola auzoko baserri bateko teilatura materialak igotzen ari zela, garabiak goi-tentsioko linea bat ukitu du. ELAren arabera, 13 langile hil dira aurten Hego Euskal Herrian; LABek, berriz, 14 izan direla dio.

Arratzu, gaur. Argazkia: EITB Media
Arratzu, gaur. Argazkia: EITB Media
Arratzu, gaur. Argazkia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Behargin bat hil da gaur goizean Arratzun (Bizkaia), aire librean lanean ari zela goi-tentsioko linea baten deskarga elektrikoa jasota.

SOS Deiak larrialdietarako zerbitzuak 09:07an jaso du istripuaren abisua, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Anbulantzia bat, suhiltzaileak eta Ertzaintzaren hainbat patruila bertaratu dira, baina ez dute langilea salbatzerik izan. Ezbeharraren lekuan bertan zendu da.

Bizkaiko Suhiltzaileen iturriek azaldu dutenez, baserri bateko teilatua konpontzen ari zen langilea, eta teilak garraiatzeko garabiak goi tentsioko kable bat ukitu duenean izan da deskarga.

Iberdrolako langileak eta Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko teknikaria ere joan dira istripuaren lekura. Azken horrek hartu dute bere gain ikerketa.

61 urteko behargin portugaldarra Amuriza Cubiertas y Rehabilitaciones SL enpresan ari zen lanean, eta Loiola auzoko baserri bateko teilatura materialak igotzen ari zela, garabiak goi-tentsioko linea bat ukitu du, eta elektrokutatu egin da, ELAk eta CCOOk Osalanen lehen txostena aipatuz azaldu dutenez.

ELAren arabera, 13 langile hil dira aurten Hego Euskal Herrian, Bizkaiko bigarrena eta eraikuntza sektoreko hirugarrena; LABen datuen arabera, berriz, 14 izan dira hildako beharginak.

CCOOk esan du 2025ean lau pertsona hil direla lanpostuan Euskal Autonomia Erkidegoan, horietatik erdiak eraikuntza sektorean.

LABek adierazi du luma garabiak erabiltzeko berariazko prestakuntza behar dela, eta goi-tentsioko instalazioak hurbil egoteak prebentzio neurriak eta lana behar bezala planifikatzea eskatzen duela. "Gaurko istripuaren kasuan, jakina, ez dira gutxieneko segurtasun baldintzak bermatu", kritikatu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Bizkaia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak