Ekonomia -

LANA

Bidezkotzat jo dute langileen ordezkari izendatu zuten Gamesaren zuzendari bat kaleratzea

Epaiak dioenez, kaleratutako langilea enplegu-erregulazioko espediente batean sartuta zegoen eta bere jarduera sindikalari ekin zion "bere lan-kontratua blindatzeko asmoz", kaleratuko zutela jakin ondoren.

Siemens Gamesaren Zamudioko plantaren artxiboko irudia.
Siemens Gamesaren Zamudioko plantaren artxiboko irudia.
Siemens Gamesaren Zamudioko plantaren artxiboko irudia.

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Lan Arloko 2 zenbakiko Epaitegiak ezetsi egin du Siemens Gamesaren zuzendari batek jarritako demanda. Zuzendari horrek enpresari leporatzen zion kaleratzea, ELAren ordezkari sindikal izendatu ostean.

Langileak kaleratzea baliogabetzat edo bidegabetzat jotzeko eskatu zuen, eta 7.500 euroko kalte-ordain gehigarria eskatzen zuen, oinarrizko eskubideak urratzeagatik.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean erregu-errekurtsoa jar daiteke, baina epaiaren arabera, demandatzailea enplegu-erregulazioko espediente batean sartuta zegoen, eta "lan-kontratua blindatzeko asmoz" jarduera sindikalari ekin zion, kaleratu behar zutela jakin ondoren.

Lan-arloko Epaitegiaren ebazpenak egiaztatzen du Zamudion Giza Baliabideen Sailean lan egiten zuen langilea ordezkari sindikal izendatu zutela 2023ko otsailean, kaleratze kolektiboan "bere lanpostuan eragina zuela" jakin ondoren.

Gainera, gogorarazi du karguaren ondorioz 2018an enplegu-erregulazioko espedientearen akta eta negoziazioetan parte hartu zuela, eta konpainiaren informazioei buruzko "erabateko konfidentzialtasuna" gordetzeko betebeharra zuela.

Magistratuaren ustez, 2007tik Gamesan egondako langileak "iruzur" egin du, lege-iruzurra, kaleratzetik bere burua babesteko, "enpresaren berregituraketa" zela eta. Era berean, epaiak ukatzen du kaleratzearen unean demandatzailea aldi baterako ezintasun-prozesu batean sartuta zegoela, erreklamazioan zioen bezala.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Siemens Gamesa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak