Ekonomia -

Gerra komertziala

EAEko enpresen % 16k "muga-zergen gerrak" ondorio larriak ekarriko dizkiela uste dute

Hala ere, enpresa gehienek, % 40k, kalte arina edo ondoriorik ez izatea espero dute. Agroindustria, automobilgintza eta produktu metalikoen fabrikazioa dira kalterik handiena izango duten sektoreak.

Bilboko portua. Argazkia: EFE
Bilboko portua. Argazkia: EFE
Bilboko portua. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) enpresen % 16k "muga-zergen gerrak" ondorio larriak ekarriko dizkiela aurreikusten dute, eta % 40k, berriz, kalte arina edo ondoriorik ez izatea espero dute. Agroindustria, automobilgintza eta produktu metalikoen fabrikazioa dira kalterik handiena izango duten sektoreak, Euskadiko Defentsa Industrialerako Taldeak jasotako datuen arabera.

Gainera, enpresen % 67k uste dute Europar Batasunak "oztopoak" ezarri behar dizkiela inportazioei, Europako industria babesteko.

Atzerrian ezarritako enpresen artean, % 50ek nolabaiteko eragina espero dute, eta "oraindik zehaztea zaila den arren", uste dute salmentek behera egingo dutela. Enpresa horietako gehienak Mexikon daude, eta sektore hauetakoak dira: automobilgintza, zerbitzu aurreratuak (ingeniaritza edo aholkularitza), energia eta makina-erreminta.

Euskadiko Defentsa Industrialerako Taldeak bere bigarren bilera egin du AIC-Automotive Intelligence Center automobilgintza-zentroaren egoitzan, Zornotzan (Bizkaia), eta "otsailaren 12ko bileran ezarritako konpromisoaren jarraipena egin da", Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez.

Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunerako sailburua buru duen lantaldeak erakunde nagusiak biltzen ditu, baita eragile ekonomikoak ere, hala nola merkataritza ganberak, industria klusterrak, enpresa elkarteak eta produkzio sarea ordezkatzen duten enpresak.

Lantaldearen aurrean egindako hitzaldian, Mikel Jauregik nabarmendu du bigarren batzar hau AICn egin dutela automobilgintzaren sektoreari babesa adierazteko, "Trumpen administrazioaren muga-zergen eragina gehien pairatzen ari dena" baita.

Sailburuak sektorea EAEko ekonomiarentzat "funtsezko industria" dela nabarmendu du, "aberastasuna eta ongizatea sortzen dituena" eta ia 40.000 langile hartzen dituena.

Euskadiko Defentsa Industrialerako Taldeak maiatzean egingo duen hirugarren bilerari begira, diagnostiko sektorialak eta ekintza plan bat egingo dira SPRI Taldearen eskutik, industria klusterrekin eta Confebaskekin batera. Horri esker, "Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek hurrengo topaketa horretarako laguntza berriak emateko proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Confebask Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak Merkataritza