Ekonomia -

Eustat

EAEko ezkutuko ekonomia % 25ekoa da merkataritzan, garraioan eta ostalaritzan, eta % 23,5ekoa eraikuntzan

Aitortu gabeko jarduera ekonomiko horiek Barne Produktu Gordinaren % 10,7 izan ziren, 9.318 milioi euro. 2022ko datuak dira, eskuragarri dauden azkenak. Azken neurketatik (2020) % 0,4 hazi da ezkutuko ekonomia.

Ezkutuko ekonomiaren azken datuak 2022koak dira. Argazkia: EITB Media
Hainbat pertsona Bilbon, zebra bide bat zeharkatzen.
Ezkutuko ekonomiaren azken datuak 2022koak dira. Argazkia: EITB Media

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezkutuko ekonomia, Ogasunean aitortzen ez den hori, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 10,7 izan zen 2022an, Eustat Euskal Estatitistika Institutuak gaur jakinarazitako datuen arabera.

Sektore batzuetan, baina, aitortu gabeko ekonomia hori % 25ekoa da merkataritzan (ibilgailuen konponketa barne hartuta), garraioan eta ostalaritzan. Horien atzetik daude, halaber, eraikuntza (% 23,5 ) eta higiezinen jarduerak (% 16,6). 

Eustatek azaldu duenez, ezkutuko jarduerak dira agintari publikoei zergak edo gizarte-segurantzarekiko kotizazioak ez ordaintzeko, oro har, nahita —zati batean edo erabat— ezkutatzen diren legezko ekoizpen-jarduerak.

Ezkutuko ekonomiak eragindako Balio Erantsi Gordina (BEGd) aurreko neurtaldian, 2020an, baino 1803 milioi gehiagokoa da (% 0,4 ).

% 15etik behera dauden sektoreei dagokionez, honakoak dira: jarduera artistikoak, aisialdikoak eta denbora-pasakoak (% 14,8) eta beste jarduera profesional eta zerbitzu osagarri batzuk (% 10,9). Gainerako sektoreetan, ezkutuko jarduerak askoz ere txikiagoak dira. Informazioaren eta komunikazioen sektorean ezkutuko aberastasuna % 7koa da, eta industrian, % 6,3koa. Lehen sektorean % 3 da, eta hezkuntzako, osasuneko eta gizarte-zerbitzuetako sektoreetan, % 1,6.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Jatetxeak Tabernak Merkataritza Eustat