Ekonomia -
BATZORDE MISTOA
Jaurlaritzak zorra 1.000 milioi eurotan handitzea eskatuko du Kontzertuaren batzordean
"Kapital pribatua mobilizatzeko kontrapisu gisa erabiltzeko" baliatu nahi dute zorra, eta "mundu mailako egoera aprobetxatu euskal industriaren sektorea EBn indartzeko".
agentziak | eitb media
Noel d'Anjou Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza sailburuak iragarri du zorra 1.000 milioi eurotan handitzea eskatuko duela Kontzertu Ekonomikoaren batzorde mistoan, Aste Santua baino lehenago.
"Kapital pribatua mobilizatzeko kontrapisu gisa erabiltzeko" baliatu nahi du zorra, eta "mundu mailako egoera aprobetxatu euskal industriaren sektorea EBn indartzeko", sailburuak Forum Europa-Tribuna Euskadin azaldu duenez.
Batzar horretan egingo dute ofizial, era berean, Espainiako Gobernuak erkidegoen zorra kitatzeko proposamenak EAEri ez eragitea.
Bestalde, D'Anjouk iragarri du Eusko Jaurlaritzak apirila baino lehenago eramango duela Legebiltzarrera Euskal Finantza Erakundeari beste 1.000 milioi emateko lege proiektua. Euskal Finantza Aliantza izeneko ekimenaren barruan kokatzen da neurri hori, inbertsio publikoaren bidez kapital eta aurrezki pribatuko 3.000 milioi euro mobilizatzea helburu duena.
Sailburuaren arabera, "ez da nahikoa" EAEko herritarrek borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetan duten diruaren % 1 soilik "inbertitzea gure herrian".
Hiru aldundiek adostutako zerga berrikuspenaren harira, berriz, ziurtatu du "lehiakorra" dela enpresentzat, Confebask patronalaren kritikak gora-behera.