Ekonomia -
Lan-ISTRIPUA
Grisu motako gas pilaketak eragin du Asturiasko meategian bost hildako utzi dituen leherketa
Hildako langile guztiak Leongoak dira, 32 eta 54 urte artekoak. Ikatz-meategietan sortzen den gas sukoia da grisua.
Agentziak | EITB MEDIA
Bost pertsona hil dira eta lau larri zauritu, Asturiasko hego-mendebaldeko muturrean dagoen Degaña eskualdeko Cerredoko meategi batean izandako leherketan.
Asturiasko Printzerriko Larrialdi Zerbitzuak (SEPA) jakitera eman duenez, istripua 09:30ean izan da eta lekuan lanean ari dira Hunosako Meatzaritzako Salbamendu Brigada, Asturiasko suhiltzaileak eta Guardia Zibilaren txakur-unitatea.
Zaurituetako bi Ponferradako erietxera eraman dituzte, erredurekin. Beste zauritu bat Cangas del Narceako Carmen eta Severo Ochoa Ospitalera eraman dute, oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzian, buruan kolpe bat zuela. SAMUk Degañako Lehen Mailako Arretako taldea, bi ZIU mugikor (dagokien osasun-taldearekin), ohiko anbulantzia bat eta kolektiboen bi garraio-talde mobilizatuta ditu.
Azkenik, desagertuta zegoen zauritu bat aurkitu dute, eta helikopteroz eraman dute ospitalera.