Ekonomia -

SINDIKATU-LEHENDAKARI BILERA

Patronalak ez lukeela "soldata politika monopolizatu behar" adieraziko diote ELAk eta LABek Pradalesi

Mitxel Lakuntza eta Garbiñe Aranburu lehendakariarekin bilduko dira asteazken honetan, gehiengo sindikalaren izenean, soldata minimo propioaz hitz egiteko eta Confebasken jarreraren aurrean irmo erantzuteko eskatzeko.

Aranburu eta Lakuntza Nafarroako presidentearekin hitz egitera joan zireneko irudia. Argazkia: EFE
Aranburu eta Lakuntza Nafarroako presidentearekin hitz egitera joan zireneko irudia. Argazkia: EFE
Aranburu eta Lakuntza Nafarroako presidentearekin hitz egitera joan zireneko irudia. Argazkia: EFE

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia eta Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra asteazken honetan bilduko dira Imanol Pradales lehendakariarekin, Confebaskek gutxieneko soldata Lanbidearteko Akordio bidez adosteri uko egin ondoren "irmotasuna" eskatzeko. ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuen ordezkari gisa joango dira Lakuntza eta Aranburu lehendakaritzara, langileen ordezkaritzaren %65a osatzen duen gehiengo sindikalaren ordezkari gisa, hain zuzen ere.

Lehen aldia izango da EAEko lehendakaria ELA eta LAB sindikatuen zuzendaritzekin batera bilduko dela, eta bi sindikatuek ohar bidez jakitera eman dutenez, eurek eskatuta egingo da bilera.

Confebaskek otsailaren 6an uko egin zion lehen aldiz sindikatuekin gutxieneko soldatari buruzko negoziazioan aritzeari. Ondoren, sindikatuek bigarren saiakera baten berri eman zuten eta akordioa posible egin zezakeen gutxieneko soldatarako kopurua adostu zuten, hilean 1.500 euro.

Confebaskekin bigarren bilera egin aurretik bildu nahi zuten sindikatuek lehendakariarekin eta igande honetan lehendakaritzatik bileren berri eman ondoren, gaitzetsi egin dute lehendakariak 40 egun behar izana bilera deitzeko eta, era berean, harridura agertu dute erronda formatuan planteatzearekin. "Gehiengo sindikaleko kideek ez dute erronda horren berri izan bilera beraiek eskatua izan den arren. Ondorioz, lehendakariari bileraren zentzua ez aldatzea" eskatzen diote eta, horrekin batera, "Confebask gutxieneko soldataren gaiarekin zuzenean interpelatzeko, gutxieneko soldataz gain horrekin inongo loturarik ez duten beste gai batzuk nahastea ekidinda".

Ildo horretan, lehendakaria "beste gai batzuei buruz erronda bat egitekoa bada gehiengo sindikala osatzen duten sindikatuek bilera bana" izan beharko luketela aldarrikatu dute, "beste eragileek bezala".

Gehiengo sindikalak uste du "oraindik ere akordiorako aukera badagoela gutxieneko soldatarekin, bai Confebask negoziaziora eramateko edota, bere jarrera erreakzionarioarekin irmo jarraituko balu, sindikatuek martxan jarri duten Herri Ekimen Legegilea babestuta gutxieneko soldata EAEn arautzekoa, Confebasken betoa gaindituz".

Gauzak horrela, "gutxieneko soldata ezin dela izan patronalak monopolizatu dezakeen tresna bat" esango diote Lakuntzak eta Aranburuk Pradales lehendakariari asteazkeneko bileran.

Bezperan, asteartean, Confebasekekin bilduko da lehendakaria

Imanol Pradales Confebaseko arduradunekin bilduko da asteartean eta sindikatuek uste dute "Confebaskekin biltzean argi utzi beharko liokela ez diola soldata politika monopolizatzen utziko eta negoziatzeari uko eginez gero gutxieneko soldata legez ezartzeko asmoa duela".

"Azken urteetan enpresariek inoizko irabazi handienak pilatu dituzte eta, hala ere, ez dute EAEk sortzen duen aberastasunaren antzeko herrialdeen gutxieneko soldatarik nahi, irabazi horiek langileen muturreko esplotazioaren kontura pilatu nahi dituztenaren seinale" adierazi dute ELAk eta LABek oharrean.

Horregatik lehendakariak "herritarren interesak zaindu nahi baditu, gutxieneko soldata jasoko lukeen Lanbidearteko Akordio baten alde zein Herri Ekimen Legegilearen alde" egin beharko lukeela gaineratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza ELA LAB Confebask Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Soldatak Imanol Pradales