Ekonomia -

Emisio txikiagoko Ibilgailuak

Zabalik da ibilgailu berria erosteko 3.500 eurora arteko dirulaguntza eskatzeko epea

08:00etatik eskatu daitezke laguntzak, Energiaren Euskal Erakundearen web orriaren bidez. Programak 5 milioi euroko hasierako inbertsioa izango du, 2.000 auto eta furgoneta inguru ordezkatzeko helburuarekin.

Artxiboko irudia
Artxiboko irudia
Artxiboko irudia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaurtik, apirilak 1, zabalik da ibilgailu berria erosteko 3.500 eurorainoko dirulaguntza eskatzeko epea, Eusko Jaurlaritzaren 'Emisio Txikiagoko Ibilgailuak' programaren barruan. 08:00etatik eskatu daitezke laguntzak, Energiaren Euskal Erakundearen web orrian egokitu duten formularioa beteta.

Ibilgailu zaharra txatar bihurtu eta emisio gutxiago sortzen duen ibilgailua erostea da programaren helburua, eta, aldi berean, autogintza babestea. Zenbait baldintza bete behar dira laguntzak eskatzeko:

- Diruz lagunduko diren ibilgailuak izan daitezke elektrikoak, hibrido entxufagarriak, autonomia hedatukoak edota gas natural, gasolina zein gasolio bidezkoak. Baldintza da CO2 emisioa 125 g/km-tik beherako izatea autoen kasuan, eta 150 g/km-tik beherakoa, furgoneten kasuan.

- Eroskitako ibilgailuaren gehieneko prezioa, oro har, ezin izango da 40.000 eurotik gorakoa autoetarako, eta 75.000 eurotik gorakoa hidrogeno-autoetarako.

- Laguntzak gaurtik aurrera egindako erosketei aplikatuko zaizkie, baldin eta erosketa egun horretatik aurrera egin bada eta osorik ordainduta badago. Hau da, joan den astean erositako ibilgailuak, adibidez, ez dira diruz lagunduko.

- Ibilgailu zaharrek 20 urte edo gehiago izan behar dituzte, eta txatar bihurtu behar dira, nahitaez.

- Laguntzaren tramitazioa fase bakarrean egingo da, ibilgailua erositakoan.

Programak 5 milioi euroko hasierako inbertsioa izango du, 2.000 auto eta furgoneta inguru ordezkatzeko helburuarekin. Eusko Jaurlaritzaren arabera, guztira, 24.000 tonatik gorako CO2-emisioak saihestuko dira, hau da, 16.000 etxek sortzen duten emisioaren parekoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Eusko Jaurlaritza Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak Energia berriztagarriak Energia aurreztea Energia