Ekonomia -
Osakidetza
ELAk salatu du eraso fisiko bat izan dela Basurtuko Larrialdietan, eta "zerbitzuaren gainkarga" kritikatu du
"Gaur eraso fisiko larri bat gertatu da, baina egunero gertatzen dira hitzezko erasoak, zerbitzuak duen gainkargaren ondorioz", ohartarazi du sindikatu abertzaleak. ELAk gogorarazi du beharginak asteartero mobilizatzen ari direla.
Agentziak | EITB Media
ELA sindikatuak salatu du Basurtuko Ospitaleko Larrialdietan erasoak izaten jarraitzen dutela, eta astearte honetan bertan eraso bat gertatu dela. Hitzezko erasoak "egunero ohikoak" direla erantsi du sindikatu abertzaleak, Osakidetzak ez bait¡o "zerbitzuaren gainkargari konponbiderik ematen".
Ohar batean, ELAk gogorarazi du Basurtuko Ospitaleko Larrialdietako beharginek asteartero mobilizatzen jarraitzen dutela, eta salatu du Bilboko ospitaleko zuzendaritzak "larrialdi zerbitzuko hutsuneak konpondu gabe" jarraitzen duen bitartean, "langileen aurkako erasoek ez dutela etenik izango".
"Gaur eraso fisiko larri bat gertatu da, baina egunero gertatzen dira hitzezko erasoak, zerbitzuak duen gainkargaren ondorioz", ohartarazi du sindikatuak.
"Egunero, lepo"
ELAk adierazi duenez, Basurtuko Ospitaleko Larrialdiak "egunero leporaino daude, 20 paziente baino gehiago daude artatzeko zain edo 10 paziente baino gehiago box batean sartzeko". Azpimarratu duenez, "azken urteetan Lehen Arretan aplikatutako murrizketek, lehenik eta behin Deustuko anbulatorioan gaueko arreta presentziala ixteak eta, ondoren, Areiltzako osasun zentroa ixteak eta beharginen zahartzeak aspalditik egoera prekarioan dauden langileen egoera gehiago tenkatzera eraman dute".
Aldarrikapenak eta baita langileen 200 sinadura baino gehiagoko idatzi bat ere zuzendaritzari helarazi badizkio ere, ELAk kritikatu du Osakidetzak ez duela "irtenbiderik proposatu".
Hori dela eta, ELAk Basurtuko Ospitaleko Larrialdietako beharginen egoera salatu du, eta "langileei entzuteko eta konponbideak emateko" eskatu dio zuzendaritzari. Bien bitartean, "mobilizazioak areagotzen" jarraituko duela ohartarazi du.