Ekonomia -

KALERATZEEN AURKA

Bridgestonek Basaurin duen lantegiko beharginek greba egingo dute apirilaren 8, 11 eta 15ean

Hiru greba egunak "zuzendaritzak bere jarrera birplanteatzeko eta atzo aurkeztutako proposamena bertan behera uzteko nahikoa" izango direla uste dute CCOO, UGT, ELA eta BUP sindikatuek. "Horrela ez bada, gure jarrera gogortu beharko dugu", ohartarazi dute.

Bridgestone multinazionalak Basaurin duen lantegia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Bridgestone multinazionalak Basaurin duen lantegia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Bridgestone multinazionalak Basaurin duen lantegia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bridgestone multinazionalak Basauriko lantegiko 335 langile kaleratuko dituela jakinarazi eta biharamunean, CCOO, UGT, ELA eta BUP sindikatuek hiru greba egun deitu dituzte: apirilaren 8, 11 eta 15ean Basauriko lantegian (Bizkaia)

Sindikatu horietako ordezkariek hainbat bilera egin dituzte asteazken honetan, atzo enpresaren jakinarazpena jaso ondoren eman beharreko urratsak erabakitzeko.

Guztira, 831 behargin ari dira lanean Basauriko fabrika horretan, eta, hortaz, langileen % 40ri eragingo lioke neurriak.

Kaleratzeek Basauriko lantegian ez ezik, Puente San Miguel herrian (Reocin, Kantabria) duen fabrikan ere izango du eragina. Azken horretan 211 langile kaleratuko ditu, hots, lantalde osoaren (418) erdia. Bertan lanuzteak apirilaren 8, 10 eta 15ean egingo dituzte beharginek.

Gogora ekarri behar da Basauriko lantegia aldi baterako lan-erregulazioan zegoela 2023ko abendutik, eta, hain justu, astelehenean bukatu zela espedientea.

Kaleratzeak gauzatzeko enplegu-erregulazioko espedientearen kontsulta aldia atzo hasi zen eta 30 egun iraungo du, 15 egun gehiago luzatu baldin badaiteke ere.

Ohar batean, sindikatuek eskerrak eman dizkiete langile guztiei atzoko egunean izandako "erantzun espontaneoagatik" eta "jokabide arduratsuagatik". "Eraso baten aurrean modu baketsu eta solidarioan jardun zen, heldutasuna azalduz eta berriro ere langileen eta enpresaren arteko maila ezberdintasuna erakutsiz", nabarmendu dute.

Hiru greba egunak "zuzendaritzak bere jarrera birplanteatzeko eta atzo aurkeztutako proposamena bertan behera uzteko nahikoa" izango direla uste dute beharginen ordezkariek. "Horrela ez bada, gure jarrera gogortu beharko dugu", ohartarazi dute.

Grebaren lehen egunean manifestazio bat egingo dute herrietako bide nagusiak zeharkatuz lantoki bakoitzean.

Oraingoz sindikatuek eta zuzendaritzak ez dute bilera egiteko hitzordurik.

Eusko Jaurlaritzak zuzendaritzarekin bilera egin nahi du

Eusko Jaurlaritzak multinazionalaren Europako zuzendaritzari eskatu dio batzarra egin dezaten, eta litekeena da gaur bertan finkatzea horretarako hitzordua. Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak azaldu duenez, erakundeak lanean ari dira gurpil ekoizle japoniarrak iragarritako "lantaldearen doikuntza" murrizteko.

Bilbon kazetarien aurrean eginiko adierazpenetan, Jauregi sailburuak aitortu du langileek eman ziotela albistearen berri Eusko Jaurlaritzak.

Jauregiren esanetan, Jaurlaritza langileen batzordearekin, Basauriko Udalarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin harremanetan dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Basauri Bizkaia Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Industria