Ekonomia -
greba hezkuntzan
Hezkuntza eta sindikatuak ostiralean bilduko dira negoziazioei berriz ekiteko
Hala baieztatu du Jaurlaritzak atzo, asteazkena, bederatzi greba-egunei amaiera eman ondotik. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak apirila baliatu nahi du akordioak lortzeko abagune gisa.
EITB MEDIA
Atzo eman zioten amaiera sindikatuek greben bigarren zikloari Euskal Hezkuntza Publikoan, eta sindikatuek argiro eskatu zioten Hezkuntza Sailari bilera bat, "benetako negoziazio bat" izan dadin. Ostera, deitzaileek, Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek ohartarazi zuten grebek aurrera jarraituko dutela.
Greba jardunaldiei amaiera eman eta biharamunean jainarazi du Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak ostiralerako deitu dituela sindikatuak negoziazioei berriro ekiteko, "elkarrizketa eraikitzailean oinarritutako etapa bat irekitzeko helburuarekin".
Pedrosak espero du apirilean zehar aukera izatea "euskal hezkuntza sisteman aurre egin beharreko erronkei buruz lasaitasunez eta konpromisoz hitz egiteko".
Hala, adierazi du Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna "oso argia" dela, sistemaren erronkei ausardiaz aurre egitea eta sistemaren etengabeko hobekuntzan aurrera egitea, alegia. Gauzak horrela, sailburuak esan du "lasai" egin behar dutela aurrera, "garapen akademikoa eta ikasleen ongizate emozionala erdigunean jarrita".