Ekonomia -

SINDIKALISMOA

Sindikatuek Confebaski aurre egiteko eskatu diete alderdi eta erakundeei, EAErako gutxieneko soldataren alde

Confebasken "izaera autoritarioa eta erreakzionarioa" kritikatu dute sindikatuek, 1.500 euroko gutxieneko soldata negoziatzeko eskaintzari uko egin diolako.

Protesta Confebasken egoitzaren aurrean. Argazkia: @ElaBilbo
Protesta Confebasken egoitzaren aurrean. Argazkia: @ElaBilbo
Protesta Confebasken egoitzaren aurrean. Argazkia: @ElaBilbo

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek Confebaski "aurre egiteko" eskatu diete alderdi eta erakundeei, EAErako lanbidearteko gutxieneko soldata negoziatzeari heldu diezaion.

Zentral horiek mobilizazio-kanpaina bati ekin diote Bilbon, Euskadi mailako LGSren alde, eta kontzentrazioa egin dute patronalaren egoitza nagusiaren aurrean.

Sindikatuek Confebasken "izaera autoritarioa eta erreakzionarioa" kritikatu dute, 1.500 euroko EAErako lanbidearteko gutxieneko soldata negoziatzeko eskaintzari uko egin diolako. Azaldu dutenez, "pragmatismo lan handia" egin zuten patronalak onar zezakeen kopurura iristeko.

"Patronalak atzera bota zuen aldarrikapen horri buruz hitz egiteko proposamena, eta argi utzi zuen langileen esplotazioan oinarritutako eredu ekonomiko baten alde egiten duela, eta, horretarako, oso baliagarria du Espainiako lan-harremanen esparrua", adierazi dute.

ELAk eta LABek sinadurak bilduko dituzte Eusko Legebiltzarrean Herri Ekimen Legegile bat aurkezteko, eta alderdiei eskatu diete Confebaski "aurre egin diezaioten", soldata-politika "monopolizatu" ez dezan, gutxieneko soldataren gaineko ekimena babestuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA LAB Confebask Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak