Ekonomia -

Gerra Komertziala

Zer-nolako eragina izango dute Trumpen muga-zergek Euskadin eta Nafarroan?

EAEn Nafarroan baino gehiago esportatzen da AEBra. Ondorioz, inpaktua ere handiagoa izango da bertan.

Infografia: EITB
Infografia: EITB
Infografia: EITB

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trumpen administrazioaren muga-zergek eragin nabarmena izango dute euskal ekonomian.

Euskadik urtero 2.000 milioi euroko balioko produktuak esportatzen ditu Estatu Batuetara, kanpora egiten dituen salmenten % 6,4. Muga-zerga berriekin, Eusko Jaurlaritzaren lehen kalkuluen arabera, 400 milioi euro baino gehiagoko gainkostua izango dute horrelako produktuak ekoizten dituzten enpresek.

Sektore kaltetuenen artean daude automobilgintza, makina-erreminta, elikagaien industria (bereziki ardoa eta txakolina) eta altzairua. Azken horrek dagoeneko jasan ditu Asiako herrialdeei ezarritako tasek eragindakoak, eta orain % 25eko muga-zerga izango du AEBra egiten dituen esportazioetan.

Automobilgintzan izandako eragina nabarmena da: 2023an, Euskadik 61,1 milioi euroko balioa zuten ibilgailuak eta osagaiak esportatu zituen Estatu Batuetako merkatura. Elikaduran, kolpe gogorrari egin beharko dio aurre EAEko ardoak, AEB baita diru-sarreretan lehen helmuga eta bolumenean bigarrena, 36,4 milioi eurotan baloratutako esportazioekin.

Guztira, EAEko 1.040 enpresak esportatzen dute Ameriketako Estatu Batuetara, horietako asko industria eta aeronautika sektorekoak, esportazioetan pisu handia dutenak.

Muga-zergek sortutako ziurgabetasunak presioa gehitzen dio euskal ekonomiari eta, beraz, alternatibak bilatu beharko ditu edo onartu beharko du Atlantikoaz gaindiko salmentetan kostuak handituko direla.

Nafarroan, aldiz, Trumpen muga-zergek esportazioen % 3,63etan izango dute eragina. Iaz, Foru Erkidegoko enpresek 367,48 milioi euroko salmentak egin zituzten herrialde hartan.

Salmenta handienak sektore hauetan egin zituen Nafarroak: galdarak, makinak eta gailu mekanikoak (98,2 milioi euro); gailu elektrikoak eta ikus-entzunezko materialak (48,5 milioi); barazkiak (39,7 milioi); burdin eta altzairu galdaketa (22,2 milioi); eta ibilgailuetarako osagarriak (19,6 millones).

Dena dela, Trumpen zergek ez dute eraginik izango Volkswagenen, hots, erkidegoko enpresa pribatu handienean, Landabenen ekoizten dituzten modeloak (Taigo eta T-Cross) ez daudelako salgai AEBn.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump