Ekonomia -

Gerra komertziala

Ostegun beltza nazioarteko burtsetan, Trumpen muga-zergen ondorioz

Europako plaza handien artean, Milanen % 3,6ko jaitsiera eta Parisen % 3,11koa nabarmendu dira; Frankfurt % 3,08 erori da eta Londres % 0,55. Ibex 35ek % 1,19ko beherakadarekin itxi du ostegun hau.

Madrilgo burtsa, osteguneko ekitaldia ixtean. EFE.
Madrilgo burtsa, osteguneko ekitaldia ixtean. EFE.
Madrilgo burtsa, osteguneko ekitaldia ixtean. EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako burtsek behera egin dute, oro har, Wall Street % 3 baino gehiago erori ondoren, Donald Trump AEBko presidenteak muga-zerga globalak iragarri ostean. Europar Batasunaren kasuan, muga-zergak % 20koak izango dira.

Europako plaza handien artean, Milanek % 3,6 egin du behera eta Parisek % 3,11. Frankfurtek % 3,08 egin du behera eta Londresek % 0,55 (Erresuma Batuan, muga-zergak % 10ekoak izango dira).

Espainiako burtsan, Ibex 35ak % 1,19ko beherakadarekin itxi du eguna, 13.191,2 puntutan kokatuz. Hala ere, 2025eko lehen hilabete hauetan % 13,77ko errebalorizazio positiboari eutsi dio, eta digitu bikoitzeko igoera metatua duen Europako plaza bakarra da; gainerakoek, % 2 eta % 9 artean egin baitute gora aurten.

Wall Streeteko indizeek ere galera handiak izan dituzte: Dow Jones eta S & P 500 indizeek % 3 baino gehiago egin dute behera gaur arratsaldean, eta Nasdaq teknologikoa, berriz, % 5 jaitsi da.

Mundu osoko merkatuak zeharo aztoratu dira Donald Trump AEBko presidenteak herrialde guztietako inportazioei % 10eko gutxieneko muga-zerga globalak ezartzeko plana egin ondoren. 

Goizean adierazleek beherakada handiagoak izan dituzte, baina ez burtsarem hegakortasunaren aurkako mekanismoak aktibatzeko bezain indartsuak. S & P 500 % 7 erortzean gelditzen dituzte kotizazioak; halaxe gertatu zen covid-19aren pandemia piztean (2020ko martxoa).

Vix indizeak neurtutako hegakortasuna, "Beldurraren adierazlea" izenez ezagutzen dena,  % 23 igo da, Trumpek "elkarrekikoak" esaten dien gutxieneko muga-zerga horiek sortutako kezkaren aurrean, AEBko inflazioa okertzea eta beste nazio batzuk atzeraldira eramatea eragin dezaketela-eta. 

Asian, Tokiok % 2,77 egin du behera, Hong Kongek % 1,52, Shanghaik % 0,24 eta Seulek % 0,76.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Burtsa