Ekonomia -
greba hezkuntzan
Hezkuntza eta sindikatuak gaur bildu dira negoziazioei berriz ekiteko
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak apirila baliatu nahi du akordioak lortzeko abagune gisa.
EITB MEDIA
Asteazkenean eman zioten amaiera sindikatuek greben bigarren zikloari Euskal Hezkuntza Publikoan, eta sindikatuek argiro eskatu zioten Hezkuntza Sailari bilera bat, "benetako negoziazio bat" izan dadin. Deitzaileek, Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek, baina, ohartarazi zuten grebek aurrera jarraituko dutela.
Greba jardunaldiei amaiera eman eta biharamunean jakinarazi zuen Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak gaurko deitu zituela sindikatuak negoziazioei berriro ekiteko, "elkarrizketa eraikitzailean oinarritutako etapa bat irekitzeko helburuarekin".
Pedrosak espero du apirilean zehar aukera izatea "euskal hezkuntza sisteman aurre egin beharreko erronkei buruz lasaitasunez eta konpromisoz hitz egiteko".
Horren esanetan, Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna "oso argia" da: sistemaren erronkei ausardiaz aurre egitea eta sistemaren etengabeko hobekuntzan aurrera egitea. Dena den, sailburuak esan du "lasai" egin behar dutela aurrera, "garapen akademikoa eta ikasleen ongizate emozionala erdigunean jarrita".