Ekonomia -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Hezkuntza eta sindikatuen bilera, gerra komertziala eta Errekaldeko gaztetxea
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2025eko apirilaren 4an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Hezkuntza Sailaren eta sindikatuen arteko bilera: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta sindikatuek bilera egingo dute, 11:00etan, negoziazioei berriro ekiteko, "elkarrizketa eraikitzailean oinarritutako etapa bat irekitzeko helburuarekin". Asteazkenean eman zioten amaiera sindikatuek greben bigarren zikloari Euskal Hezkuntza Publikoan, eta sindikatuek argiro eskatu zioten Hezkuntza Sailari bilera bat, "benetako negoziazio bat" izan dadin. Ostera, deitzaileek, ohartarazi zuten grebek aurrera jarraituko dutela.
- Gerra komertziala: Euskal Autonomia Erkidegoak urtero 2.000 milioi euroko balioko produktuak esportatzen ditu Ameriketako Estatu Batuetara, kanpora egiten dituen salmenten % 6,4. Trumpen muga-zerga berriekin, Eusko Jaurlaritzaren lehen kalkuluen arabera, 400 milioi euro baino gehiagoko gainkostua izango dute horrelako produktuak ekoizten dituzten enpresek. Nafarroan, aldiz, Trumpen muga-zergek esportazioen % 3,63etan izango dute eragina. Iaz, Foru Erkidegoko enpresek 367,48 milioi euroko salmentak egin zituzten herrialde hartan.
- Errekaldeko gaztetxea: Goizaldean istilurik egon ez bada ere, tentsioa nabaria da Errekalde auzoan (Bilbo), Etxarri gaztetxearen inguruan, 09:00etarako baitago hustea aurreikusita. Ertzaintzaren dispositibo zabala dago goizeko lehen ordu hauetan Diaz Enparantza Doktorearen kalean: 20 bat furgoneta, gaztetxean inor sartzen dela saihesteko agenteen zutabea, droneak...Gaztetxearen barruan hainbat lagunek gaua eman dute, eta kanpoaldean, 30 bat pertsona daude, protestarako prest. Bart istilu larriak izan dira, eta Ertzaintzak bost pertsona atxilotu ditu. Halaber, hainbat lagun zauritu dira, tartean lau agente.