Ekonomia -
Gerra komertziala
Indarrean sartu da Trumpen % 10eko muga-zerga orokorra, AEBko inportazio guztiei eragingo diena
Zerga gehigarriak, EBren kasuan % 20koa, asteazkenean iritsiko dira. Burtsetan segituan nabaritu da eragina, eta beherakada nabarmenak izan dira mundu osoan.
agentziak | eitb media
Trumpen Administrazioak ia mundu guztiaren aurka abiatu duen gerra komertziala hasi da, indarrean sartu baita % 10eko muga-zerga orokorra, AEBko inportazio guztiei eragingo diena. Lau egun geroago jarriko dira indarrean muga-zerga gehigarriak, besteak beste Europar Batasunari (% 20) eta Txinari (% 34) ezarritakoak. Hori dela eta, burtsetan aste beltza izan da.
% 10eko muga-zerga orokorra, Donald Trump presidenteak aste honetan iragarritakoa, AEB ekialdean 00:01 (Euskal Herrian 06:01) zirenetik dago martxan.
Apirilaren 2an iragarri zuen 184 herrialderi eragingo dien muga-zerga, "askatasunaren eguna" deitu zion egunean, eta Europar Batasunak % 20koa eta Txinak % 34koa izango dutela jakinarazi zuen.
Trumpen muga-zergak, herrialdez herrialde
Zerga gehigarri horiek, baina, ez dira indarrean sartuko apirilaren 9ko 00:01 arte (Euskal Herriko 06:01).
Egun martxan dagoen muga-zerga AEBra sartzen diren produktu guztiei eragingo dien % 10ekoa da.
Neurri horretatik salbu egongo dira zerga indarrean sartu aurretik AEBra bidean jarri ziren ondasunak: barku edo hegazkinetan kargatuta zeudenak edo bidean zirenak.
Hauek dira Trumpen muga-zergetatik libratu diren produktuak eta estatuak
Trumpek "larrialdi nazionala" deklaratu zuen muga-zergak inposatzeko. Egungo egoera komertziala AEBren segurtasunarentzat arriskutsua dela argudiatuta ezarri zuen larrialdi nazionala.
Agintari estatubatuarrak uste du muga-zergekin AEBra itzuliko direla eskulan merkeagoa bilatuz beste herrialde batzuetara joan zirenak, baina aitortu du trantsizioa gogorra izan daitekeela estatubatuar familientzat.
Jerome Powell Erreserba Federalaren presidenteak ostiralean ohartarazi zuen muga-zergek inflazioa eta hazkunde apalagoa eragin ditzaketela, eta inflazioa, behin-behinekoa barik, iraunkorra izan daitekeela.
Burtsen gainbehera
Espainiako burtsak % 5,83 galdu zuen ostiralean, 2020ko martxotik izandako beherakadarik handiena, eta 12.500 puntutik behera amaitu zuen saioa, AEBk abiatutako gerra komertzialaren eta bankuen zein nazioarteko merkatuen beherakadaren beldur.
Europan, euroa 1,0971 dolarrean dagoela eta batez beste % 0,74ko galera izanda, Milan % 6,53 jaitsi zen, Londres eta Frankfurt % 4,95, eta Paris % 4,26.
Ameriketako Estatu Batuetako burtsako indize nagusiek ere beherakada handiekin hasi zuten saioa, osteguneko saioan izandako porrotari jarraipena emanez.
Azkenean, Wall Streeteko adierazle nagusiak ia % 6 jaitsi dira saioaren itxieran. S&P 500 indizeak % 5,97 egin du behera, eta Nasdaqek % 5,82 eta Dow Jonesek % 5,5.
Asia hego-ekialdeko indize nagusiek % 1 eta % 3 bitarteko galerekin itxi zuten eguna. Zehazki, Tokiok % 2,75 egin zuen behera, eta Seulek % 0,86. Txinako burtsak, berriz, ez zituen ateak ireki, jaieguna baitzen.
EB-AEB negoziazioak
Maros Sefcovic Europako Merkataritza komisarioak atzo Howard Lutnick AEBko homologoari adierazi zionez, Europar Batasunaren (EB) eta Ameriketako Estatu Batuen arteko harreman komertzialak "ikuspegi berri bat behar du".
"EBren eta AEBren arteko merkataritza-harremanak ikuspegi berri bat behar du. Europar Batasuna negoziazioekin konprometituta dago, baina gure interesak defendatzeko ere prest dago", azaldu du Sefcovicek sare sozialetan, Lutnickekin bilera izan ostean. Jamieson Greer AEBko Merkataritza ordezkaria ere bertan izan zen.
"Hartu-eman zintzoa" izan zuten, Europako Merkataritza komisarioaren hitzetan, eta "argia" izan zela esan du, eta muga-zergak "kaltegarriak eta justifikaziorik gabeak" direla adierazi zien AEBko ordezkariei.
Donald Trump AEBko presidenteak asteazkenean Europar Batasuneko inportazioei % 20ko muga-zerga berriak iragarri zizkienetik egindako lehen bileraren ostean, hirurek harremanak izaten jarraitzea erabaki dute.