Ekonomia -
GERRA KOMERTZIALA
EBko merkataritza ministroak astelehen honetan bilduko dira Trumpen muga-zergez eta Txinaz hitz egiteko
Muga-zerga orokorra indarrean sartu eta ordu gutxira izango da batzarra, eta Europar Batasunari % 20ko zerga gehigarria ezarri baino ordu batzuk lehenago.
agentziak | eitb media
Europar Batasuneko merkataritza ministroek batzarra egingo dute astelehen honetan Luxenburgon AEBren muga-zergei nola erantzun aztertzeko, eta Txinarekin duten desoreka komertzialaz eztabaidatzeko.
Donald Trumpek Europar Batasuneko inportazio guztiei % 20ko muga-zerga eta altzairuari, aluminioari eta automobilgintzari % 25ekoa ezarriko diela iragarri eta astebetera egingo dute bilera.
Ez da espero ministroek erabaki formal bat hartzea, baina Europako Batzordeari laguntzeko irizpideak adostuko omen dituzte.
Bruselak esku artean dituen aukeren artean neurri hertsatzaileen kontrako tresna berri bat dago, EBk duela bi urte onartu zuena, beste potentzia ekonomiko batzuen mehatxu ekonomikoei erantzuteko balio duena.
Espainiak eta Frantziak, besteak beste, negoziatzeko deia egin diote EBri gerra komertzialaren eragina arintzeko, baina, aldi berean, Mercosurrekin eta beste batzuekin akordio komertzialak egitea proposatu dute.
Europako Batzordeak esana du bi erantzun emango dizkiola gutxienez Washingtonek abian jarritako gerra komertzialari.
Trumpen muga-zergak, herrialdez herrialde
Batetik, aste honetan emango dio erantzuna AEBk altzairu eta aluminio inportazioei ezarritako % 25eko muga-zergari, asteazkenean EBko kideek oniritzia ematen badiote.
Jarraian, Trumpen % 20ko muga-zergari nola erantzun aztertzen jarraituko du Bruselak.
Txina
Europako Kontseiluan elkartuko diren ministroek Txinarekin dituzten harreman komertzialak ere aztertuko dituzte, eta Sefcovic komisarioaren azalpenak jasoko dituzte, martxoaren amaieran egon baitzen Txinan bisitan.
Wang Wentao Txinako homologoarekin egin zuen batzarrean, Sefcovicek adierazi zion "berdintasunean" oinarritutako harremana izan nahi dutela.
Gainera, Txinako Merkataritza Ministerioak aurreko astean jakinarazi zuenez, ibilgailu elektrikoen gutxieneko prezioaren inguruko akordioa lortzeko negoziazioak "laster" berrabiatzea adostu zuten.