Ekonomia -
ALOKAIRUA
Barakaldo, zona tentsionatu izendatutako Bizkaiko lehen udalerria
Neurri horrekin, udalerriak alokairuaren prezioa mugatuko du datozen hiru urteetan. Tentsionatutako eremu izendatu duten lehen euskal hiri handia da.
Agentziak | EITB MEDIA
Barakaldo Bizkaiko lehen udalerria da, eta Euskadiko laugarrena, tentsionatutako etxebizitza-eremu izendatua, 2023ko Etxebizitzari buruzko Estatuko Legearen arabera. Neurria hiru urtez egongo da indarrean, eta helburua da alokairuaren prezioei eustea, batez beste 769 eurotik gorakoak baitira, eta etxebizitza eskuratzeko aukera hobetzea, hiri horretan familiek beren diru-sarreren % 32,8 alokairua eta oinarrizko gastuak ordaintzeko erabiltzen baitute.
Lehen fase honetan, mugak bost higiezin baino gutxiagoko jabe txikiei eragingo die, eta haien prezioak Espainiako Estatistika Institutuare hileko erreferentzia-indizera egokitu beharko dituzte. Hala ere, araudia oraindik ezin izango zaie osorik aplikatu edukitzaile handiei; izan ere, Euskadik ez du prezioak mugatzeko behar den indize autonomikorik, eta tresna hori ez da Bizkaian indarrean sartuko udara arte.
Tentsionatutako zona izendatzeak Barakaldoko Udala behartuko du, alokairua kontrolatzera eta, horrez gain, ekintza-plan bat garatzera; babes ofizialeko 600 etxebizitza eraiki beharko ditu eta hutsik dauden 1.800 etxebizitza mugiarazi, Bizigune programaren bidez.
Barakaldo da Bizkaian tentsionatutako zona izendatu duten lehen herria, eta eremu tentsionatu izendatu duten lehen euskal hiri handia ere.
Barakaldoren kasuan, udalerri osoa etxebizitza-eremu tentsionatu bihurtuko da. Hemendik aurrera, etxebizitza alokatzeko kontratu berriek ezingo dute gainditu higiezinen tipologiaren arabera ezarritak erreferentziako gehieneko prezioa.
Barakaldon, etxebizitza baten alokairuaren batez besteko kostua, oinarrizko gastuez gain, bizilagunen errentaren ia % 33 da; herri bat tentsio-eremutzat hartzeko muga baino hiru puntu inguru handiagoa. Are, azken bost urteetan, jabetzako higiezinen eta alokairuaren prezioa % 3 igo da udalerrian.