Ekonomia -

INDUSTRIA

Arcelorrek Zumarragan zituen pabilioietan lantegia zabalduko du Bidasoa Metal 78 enpresak, 40 lanposturekin

Ekonomia zirkularrean oinarritutako lan-jarduera dela aurreratu dute arduradunek. 2026 hasieran martxan egotea nahi dute.

Zumarraga, gaur. Argazkia: EITB Media
Zumarraga, gaur. Argazkia: EITB Media
Zumarraga, gaur. Argazkia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irungo Bidasoa Metal 78 enpresak lantegi bat jarriko du martxan ArcelorMittal multinazionalaren Zumarragako (Gipuzkoa) planta zegoen lekuan. Ibilgailuen katalizatzaileak birziklatzen dituen enpresa da Bidasoa Metal 78, eta lehen aurreikuspenen arabera, 40 lanpostu sortuko ditu Urola Garaian martxan jarri asmo duen jarduerarekin. Bertan, paladioa, rodioa eta platinoa aterako dituzte auto zaharren katalizadoreetatik; eta, garaiotan, oso metal preziatuak dira.

Goizean Zumarragan egindako agerraldian eman dituzte proiektuari buruzko xehetasunak Jose Ignacio Asensio, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun diputatuak; Josu Bilbao, Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro sailburuordeak; Mikel Serrano Zumarragako alkateak; Jose Manuel Muriel, Bidasoa Metal 78ren zuzendariak; eta Noemi Lopez Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen ordezkariordeak. Azaldu dutenez, 2026ko hasieran jarri nahi da martxan planta berria, eta hasierako inbertsioa 12 milioi eurokoa izango da. Jaurlaritzak % 20ko parte-hartzea izango du.

Proiektua ahalbidetu duten enpresa zein erakundeen arteko "elkarlanean" jarri du azpimarra Bidasoa Metal 78ren arduradunak. Bere hitzetan, "zortzi urteko elkarlanaren emaitza da", eta erantsi duenez, hasieratik amaierara Gipuzkoan landu den prozesua izan da, "oinarrizko ikerkuntzatik industria garapeneraino".

Bere aldetik, Asensiok esan du "albiste oso ona" dela, besteak beste, lantegi berriak "talentua erakartzeko" balioko duelako. Europan erreferentea izango dela eta industria berriei atea zabalduko diela ere azaldu du.

''Oso albiste ona da: Gipuzkoako industria berritzeko eta talentua erakartzeko balioko du''
''Oso albiste ona da: Gipuzkoako industria berritzeko eta talentua erakartzeko balioko du''
''Oso albiste ona da: Gipuzkoako industria berritzeko eta talentua erakartzeko balioko du''

0:30

Ildo beretik, Serrano alkateak uste du planta berriak etorkizuneko aukera-sorta zabalduko duela. 2016an ArcelorMittal itxi zenetik, erakundeek "etengabe" lan egin dutela adierazi du, "Bidasoa Metal 78ren proiektua gauzatzeko".

Eusko Jaurlaritzak 2021ean eskuratu zuen ArcelorMittalen lurren zati bat, Sprilurren bidez. Asmoa da 67.000 metro karratuko eremua egokitu eta industria proiektu berrietara bideratzea. Horietatik, Bidasoa Metal 78ren pabilioiek 6.090 metro karratu hartuko dituzte.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Gipuzkoa Ekonomia Eguneko albisteak Zumarraga Albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia