Ekonomia -

Gazteak eta etxebizitza

Dohaintzak, oinordetza-itunak eta maileguak: seme-alabei ekonomikoki laguntzeko hiru erreminta

Etxebizitza erostea erronka itzela bihurtu da gazteentzat. Horrenbestez, gero eta guraso gehiagok erabakitzen dute beren aurrezkiak edo jaso duten herentzia bat erabiltzea seme-alabei diruz laguntzeko. Zein da horretarako formularik egokiena?

Argazkia: EITB Media.
Argazkia: EITB Media.
Argazkia: EITB Media.

A. Aramendi Elduaien | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken asteetan, albiste izan dira familiaren barruan egindako dohaintzak. Gero eta ohikoagoa da gurasoek seme-alabei diruz laguntzea beren lehen etxebizitza izan dezaten, baita auto bat erosteko, ezusteko gasturen bati aurre egiteko edo, besterik gabe, hilabete amaierara iritsi ahal izateko.

Estatuko notarioen elkargoak 2016tik dohaintzek izan duten igoeraren berri eman du: Espainiako Estatuko datuak kontuan hartuta, % 133 igo dira. Gurasoek seme-alabei egiten dizkieten opariak izaten dira, eta, batik bat, etxebizitzak edota etxearen sarrera ordaintzeko dirua ematen diete.

Hego Euskal Herrian ere nabaritu da igoera urte hauetan, baina askoz apalagoa izan da, % 9,2koa. Datuei begiratuta, Euskal Autonomia Erkidegoan 2.919 dohaintza egin ziren 2016an, eta 3.453 erregistratu ziren 2024an. Nafarroan, ostera, behera egin du kopuru horrek, 1.641etik 1.529ra.

Bergaran notario lanetan aritzen den Maria Longarte Ulaciaren iritzian, Hego Euskal Herrian igoera apala izatearen arrazoietako bat izan daiteke hemen seme-alabei laguntzeko beste erreminta batzuk erabiltzen direla, zergak ordaintzeko onuragarriagoak direlako: oinordetza-itunak eta maileguak.

Familia bakoitzak daukan egoeraren arabera, bata edo bestea izan daiteke egokiena, Longarteren hitzetan; beraz, adituei galdetzeko gomendioa egiten du.

Maileguak, adibidez, asko erabiltzen dira gure inguruan, Longarteren arabera. Ez da zergarik ordaindu behar, eta % 0ko interes-tipoa ezar daiteke senideen artean. "Baina itzuli egin behar izaten dira, eta, kasu askotan, zaila izaten da hori". Guraso askok, gainera, ez du utzitako dirua bueltan jaso nahi izaten.

Maria Longarte: ''Zergei dagokionean alde handiak daude formula batetik bestera''
Maria Longarte: ''Zergei dagokionean alde handiak daude formula batetik bestera''
Maria Longarte: ''Zergei dagokionean alde handiak daude formula batetik bestera''

2:08

EAEko gaur egungo arau fiskalak kontuan hartuta, printzipioz, oinordetza-ituna izan daiteke aukerarik erakargarriena. Halakoetan, herentziaren zati bat aurreratzen zaio ondorengoari, eta, gurasoak bizirik daudela, higiezin bat (etxe bat, adibidez) edo diru kopuru bat jasotzen du. Kasu honetan, oinordetza-zerga aplikatzen da. Ondorioz, gurasoek ez dute zergarik ordaintzen, eta seme-alabek ere ez, jasotzen dutenaren balioa ez bada 400.000 eurora iristen.

Alabaina, kasu horretan, bi aldeen artean egindako itun hori hil ondorengo herentzian ere kontuan hartu beharko da. Heriotza gertatzen denean, bizirik dagoen ezkontideari zer dagokion edota gainerako seme-alabei zer utzi nahi zaien kontuan hartzen da. Beraz, kasu batzuetan, oinordetza-itunean aurreratu dena heriotzaren ondorengo herentziatik deskontatzea erabakitzen da.

Longarteren esanetan, arau fiskal propiorik ez duten Espainiako Estatuko erkidegoetan "ez dute aukerarik gure baldintza berberetan oinordetza-itunak egiteko, eta horregatik egiten dituzte hemen baino dohaintza gehiago".

Dohaintza "edonork edonori egin diezaiokeen opari bat da, baina, kasu guztietan, jasotzen duenak % 1,5eko zerga ordaindu beharko du", argitu du. Emailearentzat, berriz, alde handia dago dirua ematetik higiezin bat ematera; izan ere, lehenengo kasuan ez da zergarik ordaindu behar, baina higiezin bat emanez gero, ondare-irabaziaren % 25 ordaindu beharko du, salmenta zuzen bat egiten denean bezala. 

Hori horrela, familia batzuek herentzian jasotako higiezinak saltzea erabakitzen dute, eta zergak ordaindu ondoren gelditzen dena seme-alaben artean banatzen dute.

Erreminta bakoitzaren zerga-arauak EAEn. Argazkia: EITB Media.

Erreminta bakoitzaren zerga-arauak EAEn. Argazkia: EITB Media.

Horiek dira, erreminta bakoitzaren kasuan, EAEn gaur egun indarrean dauden arau fiskalak. Foru aldundietan lantzen ari diren erreforma fiskalak, ordea, aldaketak ekar ditzake indarrean sartzen denean, batik bat dohaintzen kasuan.

Bergarako notarioaren arabera, gure inguruan egiten diren dohaintza gehienak seme-alabei higiezinak oparitzeko egiten dira. Hala ere, badaude bestelako ondasunak dohaintzan uzten dituztenak ere: garajeak, autoa kendu ondoren; lokalak, negozioren bat hasi nahi duten senitartekoei; edota enpresetako partaidetzak, gurasoek erretiroa hartu dutenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Etxebizitza Bizkaiko Foru Aldundia Gipuzkoako Foru Aldundia Arabako Foru Aldundia