Ekonomia -

Lan-erregulazioko espedientea

Manifestazio jendetsua Basaurin, Bridgestone lantegiko 335 kaleratzeen aurka protesta egiteko

Basauriko Bridgestone lantegiko beharginen % 100ek egin dute bat gaur multinazionalaren zuzendaritzak planteatutako kaleratzeen aurka deitutako hiru greba egunetako lehenengoarekin. Bi greba egun gehiago deitu dituzte apirilaren 11rako eta 15erako.

Manifestazio jendetsua Basaurin (Bizkaia). Argazkia: EFE
Manifestazio jendetsua Basaurin (Bizkaia). Argazkia: EFE
Manifestazio jendetsua Basaurin, Bridgestoneko kaleratzeen aurka

0:44

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Basauriko Bridgestone lantegiko beharginen % 100ek egin dute bat gaur multinazionalaren zuzendaritzak planteatutako kaleratzeen aurka deitutako hiru greba egunetako lehenengoarekin (05:00etan hasi dute mobilizazioa). Beste bi lanuzteak apirilaren 11n eta 15ean izango dira.

18:00etan manifestazio jendetsua abiatu da Urbiko lantegiaren sarreratik, eta Arizgoiti plazan amaitu da. Milaka lagun batu dira mobilizazioan. Manifestariek "ez dago inor sobera" eta "hau ez bada konpontzen, egurra, egurra" oihukatu dute, besteak beste.

"Ia mende bateko historiako unerik txarrena"

Arratsaldeko manifestaziorako egindako ohar batean, deitzaileek adierazi dute Bridgestonen ez dagoela "inor sobera". Adierazi dutenez, Bizkaiko lantegia "ia mende bateko historiako unerik txarrena igarotzen ari da, seguruenik, deslokalizazio prozesu bat hasi da eta, ekoizpenaren zatirik handiena konpainiaren Poloniako beste lantegi batera eraman nahi dutelako".

'Inor ez dago soberan', mobilizazioan gehien errepikatutako leloetako bat. Argazkia: EFE

'Inor ez dago soberan', mobilizazioan gehien errepikatutako leloetako bat. Argazkia: EFE

Deitzaileek salatu dutenez, lantegiko zuzendaritza "berekoiak" mozkinak "modu miserablean puzteko erabili nahi ditu kaleratzeak" eta erabakia kolpe latza izan da langileentzat eta haien familientzat.

"Iragarritakoa eginez gero, lantegiak jota geratuko dira, ekoizpen oso txikiarekin, eta lehiakorrak izateari utziko diote", eta hurrengo urratsa "hilgarria" izan liteke", ohartarazi dute.

Ohartarazi dute Bridgestoneren erabakiak ondorio negatiboa izan dezakeela enpresarekin lan egiten duten azpikontratetan eta tokiko merkataritzan, eta konpainiako beharginei dei egin diete elkarrekin eusteko hasi duten "bidezko borrokan".

"Hemen familiek lan egin dute. Gure aitona-amonak, gurasoak, seme-alabak... 92 urtean zehar, gizonak eta emakumeak, ez bakarrik Basaurikoak, baita inguruko herrietakoak ere, esfortzua, izerdia... Batzuek bizitza bera ere eman dute. Langileon harrotasunez altxatu zuten lantegia", nabarmendu dute.

Beharginak, senideekin batera, protesta hasi baino lehen. Argazkia: EFE

Beharginak, senideekin batera, protesta hasi baino lehen. Argazkia: EFE

Istilurik gabe

Lehen orduan, zuzendaritzako kide batzuk enpresako instalazioetara sartu dira ertzainak bizkartzain zituztela, grebalarien pikete bat zegoela ikusita. Hala ere, ez da istilurik izan, Segurtasun Saileko iturriek adierazi dutenez. Eguerdian, beharginek elkarretaratzea egin dute lantegiaren aurrean.

"Jendea oso kontzientziatuta dago, eta borrokatu beharko da egoerari buelta emateko", adierazi du Bridgestoneko lantegiarteko batzordearen presidente eta enpresa horretako CCOOren idazkari nagusi Igor Menak.

Komunikabideei egindako adierazpenetan, deialdia egin duten sindikatuen ordezkariek "arrakastatzat" jo dute langileen erantzuna, eta negoziazioan tarte bat ematearen alde agertu dira, zuzendaritzak mugimenduren bat egin dezan. Bestela, protestak areagotuko dituzte, ohartarazi dutenez.

Lantegiarteko batzordearen presidentearen arabera, "beste konponbide batzuk landu behar dira, langileek egin beharrekoa bete egin dute, lantegi errentagarria gara, eta enpresak irabaziak ditu".

Bestalde, Raul Lodeiro UGTk Bridgestonen duen idazkari nagusi eta langile-batzordeko kideak azaldu duenez, konpainian kamioi eta autobusetarako pneumatikoak ekoizten dituzten bi lantegi daude, bata Polonian eta bestea Basaurin. "Poloniakoa merkeagoa da eta errentarriagoa omen da pneumatikoa bertan egitea", laburbildu du.

Deslokalizazioa

BUP sindikatu independenteko Luis Escalona Bizkaiko lantegiko langile-batzordearen idazkariaren ustez, "ekoizpena Poloniara deslokalizatzen ari dira, eta makilkada Basauriko fabrika jasaten ari da".

Sindikatuaren ordezkariak adierazi duenez, atzo lan-erregulazioko espedientearen kontsulta-epea ireki zen, eta "batasun" mezua bidali behar zaio enpresari gaurko mobilizazioen bidez.

Sindikatuen artean, ELA greba mugagabea deitzearen alde agertu da, "espediente bidegabe eta neurrigabe hau" iraultzeko. Bere ustez, "enpresak lan-erregulazioko espedientearen bidez egindako erasoaren tamainaren aurrean, erantzunak parekoa izan behar du", argudiatu du ohar batean.

Basauriko langileen batzordeko kide gehienek ez dute jarrera hori onartu, eta, ELAk Bizkaiko lantegian aukera hori aztertzeko batzarra egitea defendatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Basauri Bizkaia ELA Grebak Enplegu-erregulazioko espedienteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Enpresaburuak CCOO UGT Lan gatazkak Industria sektorea gaur