Ekonomia -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Muga-zergen aurkako neurriak, greba Basauriko Bridgestonen eta Emakunde saria
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2025eko apirilaren 8an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Muga-zergen aurkako neurriak: Erakundeak hasi dira muga zergen ondorio ekonomikoei erantzuteko planak prestatzen. Eusko Jaurlaritzak gaur jarriko ditu martxan laguntza neurriak sektore kaltetuenentzat, Imanol Pradales lehendakariak aurreratu duenez. Eta Madrilen, Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak 14.000 milioi euroko laguntzak onartuko ditu gaur gehien kaltetutako sektoreentzat.
- Greba eguna Bridgestonen: Basauriko Bridgestone lantegiko langileek bat egingo dute gaur multinazionalaren zuzendaritzak planteatutako kaleratzeen aurka deitutako hiru greba egunetako lehenengoarekin (05:00etan hasi dute greba). 18:00etan manifestazioa abiatuko da Urbiko lantegiaren sarreratik, eta Arizgoiti plazan amaituko da. Beste bi lanuzteak apirilaren 11n eta 15ean izango dira.
- Emakunde saria: Imanol Pradales lehendakariak Berdintasunerako Emakunde Saria banatuko du, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariarekin eta Noemi Ostolaza Emakundeko idazkari nagusiarekin batera, Lehendakaritzan, 17:00etatik aurrera.