Ekonomia -
Gerra komertziala
Burtsek lasaitua hartu dute gaur, hiru eguneko odolustearen ondotik
Asiako burtsa nagusiek gora egin dute gaur, eta Tokio izan da irabazien buru, % 6ko igoerarekin itxi baitu. Europako burtsa nagusiek ere egin dute gora: Londresek % 2,71 egin du gora, Parisek % 2,50, Frankfurtek % 2,48 eta Milanek % 2,44. Era berean, New Yorkek berdean ireki du gaurko saioa.
EITB Media
Ekaitzaren ostean, barealdia. Donald Trump AEBko presidenteak iragarritako muga-zergak direla eta, ikara nagusitu da azken egunotan ia mundu osoko burtsetan, baina badirudi arnasa hartzeko beta dutela merkatuek.
Asiako burtsa nagusiek gora egin dute gaur, eta Tokio izan da irabazien buru, % 6ko igoerarekin itxi baitu, bezperan izandako odolustearen ostean.
Esan bezala, gorakada handiena Tokiokoa izan da; izan ere, Nikkeik % 6 egin du gora, bezperan % 8 jaitsi eta gero, atzeraldi globalaren beldur.
Seulgo Burtsako indize nagusiak, Kospik, % 0,26 egin du gora, astelehenean % 5,5 baino gehiago galdu ostean, eta Hong Kongeko Hang Sengek, bezperan 2008tik izan duen beherakadarik handiena jasan ondoren (% 13,2), % 1,51ko gorakadarekin itxi du gaur.
Txinan, Shanghaiko eta Shenzhengo burtsek (aurreko egunean % 7,34 eta % 9,66 galdu zuten bakoitzak) % 1,58 eta % 0,64 irabazi dute gaur, hurrenez hurren, munduko bi ekonomia handienen arteko tentsioen gorakadaren erdian.
Taipeiko (Taiwan) burtsak, aldiz, beherakadekin jarraitu du, Taiex indizea % 4 baino apur bat gehiago jaitsi baita. Jaitsiera hori aurreko eguneko % 9,7ko beherakadari gehitu behar zaio, burtsa horretan inoiz izandako jaitsiera handiena izan baitzen.
Europako burtsa nagusiek ere egin dute gora: Londresek % 2,71 egin du gora, Parisek % 2,50, Frankfurtek % 2,48 eta Milanek % 2,44.
Espainiako burtsak % 2,37 egin du gora astearte honetan, eta 12.000 puntuko maila berreskuratu du, azken hiru saioetan atzera nabarmen egin ondoren. Horrela, Estatuko indize nagusiak, IBEX 35ek, 279,8 puntu irabazi ditu, % 2,37ko igoera, eta 12.065,6 puntutan kokatu da. Urtean % 4,06ko igoera metatu du adierazleak.
Era berean, New Yorkek berdean ireki du gaurko saioa, eta indize nagusiak, Dow Jones industrialak, 1.200 puntu inguru irabazi ditu, hau da, % 3,16ko igoera izan du, aurreko egunean baino giro lasaiagoan, AEBko Gobernuak muga-zergei dagokienez akordioak lor ditzakeenaren itxaropenak bultzatuta.
Kanpaia jo eta bost minutura, S&P 500 indizeak % 3,16ko irabaziak izan ditu, 5.221 punturaino; Nasdaq teknologikoak, berriz, % 3,58 egin du gora, eta 16.162 puntutan kokatu da.
9,2 bilioi euroko galerak, hiru egunean
Gerra komertzialaren ondorioz, hiru egun eskasean, 10 bilioi dolar (9,2 bilioi euro) galdu dituzte Burtsako balioan, Bloomberg AEBko finantza aholkularitza konpainiak emandako datuen arabera. EAEren Barne Produktu Gordina (BPG) halako 100 da zenbatekoa, Europar Batasunaren (EB) BPGaren erdia.
AEBko merkatuan, Apple izan zen atzoko galtzaile handienetako bat (% 3,67 egin zuen behera), Txinarekiko menpekotasun handia baitu. Azken hiru saioetan, balioaren % 20 egin du behera. Sagarraren konpainia AEBko merkatuaren zazpi handietako bat da; Nvidia, Microsoft, Amazon, Alphabet, Meta eta Tesla dira gainerakoak. "Zazpi handiek" 5,3 bilioi dolar galdu dituzte kapitalizazioan.
EFEren arabera, ostiraleko datuak bilduta, zazpi konpainia horien burtsa-balioa nabarmen jaitsi da, eta bakar batek ere ez du hiru bilioi dolarreko langa gainditzen (azken hilabeteetan aise lortutakoa).
IBEX 35ean, Cellnex telekomunikazio enpresak izan zituen galera handienak atzo (% 7,47), Acciona (% 7,14), Indra (% 7,02), Repsol (% 6,86), Acciona Energia (% 6,72); ACS (% 6,26) eta Endesa (% 5,93) konpainien aurretik. Azken egunei dagokienez, banka sektorea izan da (Santander, BBVA eta Caixabank) kaltetuena (% 15etik gora galduta), baina aipagarria da Inditexen beherakada (% 8 ingurukoa).