Ekonomia -
LAN-GATAZKA
Sei greba egun deitu dituzte Aste Santurako Avanza autobus konpainiako Gipuzkoako zerbitzuetan
Apirilaren 16tik 22ra izango dira lanuzteak. ELA, LAB eta Aurrera sindikatuek adierazi dute Aste Santurako mobilizazioak deitzearen helburua "zarata gehiago" ateratzea dela, euren aldarriak entzun daitezen.
EITB MEDIA
Sei greba egun deitu dituzte Avanza autobus konpainiako Gipuzkoako zerbitzuetan (Lurraldebus) Aste Santuan, lan-baldintza hobeak aldarrikatzeko. Apirilaren 16tik 22ra izango dira lanuzteak, besteak beste, "gehiegizko lanaldiak" eta "aparteko orduen kontrol eza" salatzeko. Euren esku daude, besteak beste, Donostia Bilboko eta Gasteizko aireportuekin lotzen duten autobus-zerbitzuak.
ELA, LAB eta Aurrera sindikatuek deitu dituzte protestak, eta horien hainbat ordezkarik goizean agerraldia egin dute Donostiako Geltokian. Jose Manuel Lopez langileen batzordearen presidenteak azaldu duenez, enpresak ez du egoera bideratzeko borondaterik eta, bien bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundia ezikusiarena egiten ari da. Hala, gatazkan esku hartzeko eskatu diote foru erakundeari. Azken hauekin, jada 24 dira deitutako greba egunak.
Sindikatuek ez dute baztertzen uda sasoian mobilizazio gehiago egitea. Onartu dute Aste Santuan protestak deitzearen helburua "zarata gehiago" ateratzea dela, euren aldarriak entzun daitezen.
Jakinarazi dutenez, orain gutxi salaketa jarri dute Lan Ikuskaritzan, autobus-gidarien gehiegizko lanaldiak salatzeko. Urtean 1.870 ordu inguru lan egiten dituztela adierazi dute. Era berean, erantsi dute horren aurrean Gipuzkoako Aldundiak duen jarrera "onartezina" dela.
Avanza Gipuzkoaren langileen batzordean ELAk sei ordezkari ditu, eta LABek eta Aurrerak, bana. UGTk ere sei ordezkari ditu, baina, oraingoz, ez du bat egin deialdiarekin.