Ekonomia -

TAXIAREN SEKTOREA

Bilboko taxiek app baten bidez ibilbide eta prezioen berri emango diete erabiltzaileei aurrerantzean

TaxiBilbao da aplikazioaren izena eta dagoeneko eskuragarri dago Android eta iOS sistemak dituzten gailuetan.

Artxiboko irudia
Artxiboko irudia
Artxiboko irudia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bereziki asteburuetan eta gauetan taxi zerbitzuan atzemandako beharrei irtenbidea eman asmoz, Bilboko Udalak eta hirian taxiaren sektorea ordezkatzen duten lau elkarte nagusiek hainbat neurri hartzea adostu dute.

"Zerbitzua "hobetzea" da helburua, eta, horretarako, besteak beste, TaxiBilbao sakelakorako aplikazioa sortu dute; aurrerantzean, taxi guztietan nahitaez erabiliko da. Dagoeneko eskuragarri dago Android eta iOS sistema erabiltzen duten gailuetan.

App horren bidez erabiltzaileak zerbitzu bat eskatu ahal izango du, eta hori egiteko ibilbide motzenaren berri izateko, denbora eta guzti. Ibilbidearen hasieran jakinaraziko zaio prezioa, eta bezeroak aplikazioan adierazitako zenbatekoa ordainduko du, gehienez.

Nora Albete Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasunerako alkateorde eta zinegotziaren arabera, "akordioari esker, nabarmen hobetuko da zerbitzua eta gaur egun ikusten ditugun beharrei ahalik eta erantzun egokiena eman ahal izango diegu". Bilboko taxiek "herritarren" mugikortasun beharrei "irtenbideak" eman diezazkieten da asmoa.

Erantsi duenez, biztanleko taxi-lizentzia gehien dituen hirietako bat da Bilbo, baina une jakin batzuetan, batez ere 22:00etatik aurrera eta asteburuetan, "taxi-eskaintza ez da nahikoa".

Hala, zerbitzuan dagoen "gabezia horri irtenbidea emateko", gaueko txanda-aldaketa bi orduz aurreratzea ere erabaki da; hau da, aldaketa 22:00etan egingo da, eta ez 00:00an. Halaber, asteburuko gaueko ordutegian eskari handiena dagoen hilabeteetan, jardunean ez dauden gidariek zerbitzua emateko aukera izango dute.

Adostu den beste neurri batek lizentzien eskualdaketarekin du zerikusia. Zentzu horretan, arrazoia edozein dela ere, jarduera uzten dutenen "lizentzien eskualdaketa bizkortzeko neurriak ezarriko dira". Era berean, jarraipen zorrotza egingo da lizentzia duten taxiek zerbitzua emateko "dedikazio esklusiboa" izan dezaten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Taxiak