Ekonomia -
GERRA KOMERTZIALA
Lehendakariak Trumpen muga-zergei aurre egiteko lehen neurri-sortaren nondik norakoen berri emango du gaur
Eusko Jaurlaritzaren lehen aurreikuspenen arabera, EAEko 1.040 enpresak 2.000 milioi euroko balioa duten esportazioak egiten dituzte AEBra eta muga-zerga horiek 400 milioi euroko gainkostua ekarriko diete.
AGENTZIAK | EITB Media
Trumpek abiatutako gerra komertziala dela eta, Imanol Pradales lehendakariak Eusko Jaurlaritzak hartutako lehen neurri-sortaren nondik norakoen berri emango du gaur, Industriaren Defentsarako Taldearen bileraren ostean.
Bilera horretan izango dira AEBren muga-zergen eragin handiena jasango duten enpersak, AEBrekin negozio bolumen handiena dutenak —hara gehien esportatzen dutenak—, AEBn planta gehien instalatuta dituzten enpresak, eta sindikatu nagusiak.
Batzarrak hiru helburu nagusi izango ditu: muga-zergen egoerari buruzko diagnostikoaren berri elkarri ematea eta kaltetutako sektoreen jarraipena egitea, enpresak laguntzeko dauden baliabideak eta politikak identifikatzea eta EAEko industriaren indarguneak eta aukera-leihoa zabaltzea.
Halaber, Imanol Pradales lehendakariak datorren astelehenean bilera-sorta egingo du Vox ez beste talde politiko guztiekin.
Eusko Jaurlaritzaren lehen aurreikuspenen arabera, EAEko 1.040 enpresak 2.000 milioi euroko balioa duten esportazioak egiten dituzte AEBra eta muga-zerga horiek 400 milioi euroko gainkostua ekarriko diete.