Ekonomia -
zerga-politika
Bizkaiko eta Arabako Batzar Nagusiek zerga-erreforma onartu dute, EAJ, PSE-EE eta E. Podemosen botoekin
Araban gehiengo osoaren babesa izan du arauak, eta Bizkaian, ganberaren % 65arena. Gipuzkoan, EH Bilduk proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketa baztertu dute Batzar Nagusiek, eta, hala, erreforma behin betiko onartzeko bilkura maiatzaren 7an egingo dute.
EITB Media
EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek adostutako zerga-erreformaren foru araua onartu dute gaur, osoko bilkuran, Bizkaiko eta Arabako Batzar Nagusiek. Gipuzkoan maiatzaren 7an izango da bozketa, gaurkoan EH Bilduk proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketa eztabaidatu behar zutelako.
Hain zuzen ere, EH Bilduren zuzenketa atzera bota dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek. Koalizio subiranistaren batzarkideek bakarrik babestu dute testua; EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek kontra bozkatu dute, eta PP abstenitu egin da.
Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramaileak nabarmendu duenez, foru arauaren proiektu ez da erreforma bat "diru bilketa bermatzen ez duen zuzenketa baizik". Horren aburuz, proiektuak "epe laburra" du, "ez du segurtasunik ematen", eta ez du "herri ikuspegirik". Horren aurrean, erreformaren ituna lortu duten hiru alderdiek defendatu dute errenta baxuenei mesede egingo zaiela.
Babes zabalarekin Bizkaian
Bizkaia zen erreforma aurrera ateratzeko babes nahikoa zuen lurralde bakarra (EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa dute), baina Elkarrekin Podemosekin egindako itunari esker, % 65eko babesarekin (51 batzarkidetatik 40k bozkatu dute alde) onartu dute.
Adostutakoaren arabera, errenta aitorpena egiteko betebeharra 20.000 eurora igoko dute, eta 20.000-30.000 euroko errenta duten 65 urtez azpiko alargunek 200 euroko kenkaria jasoko dute. Etxebizitzaren alorrean, errenta baxuak dituztenei kenkaria aplikatuko zaie alokairuagatik, aitorpena aurkezteaz salbuetsita egon arren (2.800 eurorainoko diru-itzulketa dago aurreikusita). Era berean, errenta altuenei mugatu egingo diete etxebizitzagatik kenkariak jasotzea.
Halaber, sozietateen gaineko zergan gutxieneko tasa efektiboa % 15etik % 19ra igaroko da, eta aurrezki-tarifa, % 25etik % 28ra. Familia eta lana uztartzeko neurriak txertatuko dituzte, baita seme-alabak zaindu ondoren lanera itzultzekoak ere.
Itxaso Berrojalbiz Bizkaiko Ogasun diputatuak (EAJ) nabarmendu duenez, Bizkaiak orain eta etorkizunean dituen erronkei aurre egiteko tresna da adostutako erreforma. Goyo Zurro (PSE-EE) batzarkidea ere pozik agertu da erreforma progresiboagoa lortu delako, eta EH Bildurekin eta PPrekin kritiko azaldu da euren burua akordiotik "baztertu" dutelako.
EH Bilduk eta PPk proiektuaren kontra bozkatu dute. Koalizioaren arabera, "2017an PPrekin adostutako eskuineko egitura fiskala berresten" duelako. Alderdi Popularraren aburuz, ituna "ezkerrekoa da, komunismo ukituarekin", eta, haren arabera, Bizkaiak lehiakortasuna galtzea ekarriko du.
Ifrentzuan, Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldearen bozeramailearen arabera, onartutakoa "akordio ona da, zaurgarrienak babesten dituelako eta euskal gizartearen ongizatea hobetzen duelako".
Emaitza estuagoa, Araban
Araban ere aurrera atera da foru araua, aurreikusitakoa baino babes estuagoarekin (51 bototik 26). Izan ere, Jose Damian Garcia Moreno IUko batzarkideak ez du Elkarrekin Arabaren beste bi kideekin bat egin, eta erreformaren kontra bozkatu du. Horren ustez, adostutakoa "eskuinekoa eta makillaje hutsa da". David Rodriguezek (Elkarrekin Araba) aitortu du testuak ez dituela erabat asebetetzen, baina akordio "ona" dela nabarmendu du, errenta baxuenentzat onuragarria delako. "Pozik gaude, eta PP eta Vox kexu direla entzunda, are gehiago", adierazi du.
Iñaki Ruiz de Galarreta batzarkide jeltzaleak ere erreforma "errenta baxuenak dituztenen mesederako" dela uste du, eta enpresak babesteko neurriak dituela. Josu Lopez Ubiernak (PSE-EE) nabarmendu du erreformak progresitibatea duela lege, eta etxebizitza alorrean "espekulazioa zigortzen" dela.
EH Bilduk, PPk eta Voxek erreforma baztertu dute. Koalizio subiranistaren aburuz, hiruko ituna "lardaskeria itzela izan da, edukiz eta moldez". Iñaki Oyarzabal PPren batzarkideak salatu du "arabar guztiei zergak igoko" zaizkiela, eta erreforma "klase ertainen kontrakoa" dela.
Elkarrekin Arabaren babesaren truke, jeltzale eta sozialistek 22 zuzenketa partzial onartu zituzten, eta Bizkaian bezala, besteak beste, errenta aitorpena egiteko muga 20.000 eurora igo zuten, eta errenta baxuenek alokairuagatik % 35eko kenkariak izatea ahalbidetu.