Ekonomia -

GERRA KOMERTZIALA

Asiako burtsek igoera nabarmena izan dute, Europakoek gora egin dute eta Wall Streetek gorrian itxi du saioa

Tokioko zein Taipeiko merkatuek % 9ko igoerarekin zarratu dute saioa. Txinako merkatuek igoera apalagoak izan dituzte. Hong Kong % 1,06 igo da, Shanghai % 1,16 eta Shenzhen % 2,25. Europan, Milango burtsak % 4,73 egin du gora, Madrilek % 4,32, Parisek % 3,83, Zurichek % 3,28 eta Londresek % 3,04.

Hego Koreako burtsa. Argazkia: EFE
Hego Koreako burtsa. Argazkia: EFE
Hego Koreako burtsa. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europan, Milango burtsak % 4,73 egin du gora ostegun honetan, Frankfurtek % 4,53, Parisek % 3,83, Zurichek % 3,28 eta Londresek % 3,04, Donald Trumpek muga-zerga gehienak 90 egunez bertan behera utziko zituela iragarri ostean merkatuetan izandako igoera handien artean, nahiz eta Txinaren eta AEBren arteko talkak, kaus askotan, moteldu egin duen goranzko dinamika hori.

Era berean, Espainiako burtsaren indize nagusiak, IBEX 35ek, % 4,32 egin du gora gaur, eta 12.300 puntuak berreskuratu ditu. Espainiako selektiboak inoizko igoerarik handienarekin (% 8,51) ireki du saioa, eta 510 puntu igo ditu. Azkenean, 12.307,6 puntutan itxi du, 2022ko martxotik izan duen saiorik onenean.

Asia, gogotsu

Asiako burtsa nagusiek igoera nabarmenekin abiatu dute eguna, eta itxi ere, berdean itxi dute. Aipagarriak dira Tokioko zein Taipeiko merkatuek % 9ko igoerarekin zarratu dutela saioa.

Nikkei indizeak % 9,13 egin du gora —inoiz izan duen zazpigarren igoera handiena— eta 34 609,00 puntutan amaitu du saioa. Japoniako Topix indizea ere %8,09 hazi da.

Txinako merkatuek igoera apalagoak izan dituzte. Hong Kongo Hang Seng burtsak % 1,06ko hazkundea izan du, eta Txina kontinentalean, Shanghaik % 1,16 egin du gora, eta Shenzhenek, % 2,25.

Wall Streetek gorrian itxi du berriro

Wall Streetek, aldiz, behera egin du berriro, eta bezperako irabazien zati bat galdu du, AEBk abiatutako gerra komertzialaren beldurrak bultzatuta, Txinari ezarritako zerga % 145ra igo dela jakin ostean.

Saioaren amaieran, Nasdaq teknologikoak % 4,3 egin du behera, 16.387 puntura arte; S&P 500ek % 3,46 egin du behera, 5.268 punturaino, eta Dow Jonesek % 2,50, 39.593 puntura arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Burtsa