Ekonomia -
Greba Hezkuntzan
Hezkuntzako sindikatuek astebeteko beste greba ziklo bat deitu dute maiatzerako
Maiatzaren 12tik 16ra deitu dituzte lanuzteak. Langileen ordezkarien aburuz, Hezkuntza Sailak egindako azken proposamenari "eduki, zehaztapen eta bermeak" falta zaizkio eta, salatu dutenez, Jaurlaritzak "ultimatum gisa planteatu du". "Ez dugu sinatuko", ohartarazi dute.
EITB Media
EAEko hezkuntza publiko ez-unibertsitarioan gehiengoa duten Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek beste bost greba egun bat deitu dituzte datorren hilabeterako, hots, maiatzaren 12tik 16ra. Argudiatu dute Hezkuntza Sailak helarazi dien azken proposamena ez dela nahikoa, eta "eduki, zehaztapen eta bermeak falta" dituela. Asebetetzen ez dituela jakin arren, salatu dutenez, Begoña Pedrosak zuzendutako Sailak "ultimatum gisa planteatu du, eta negoziaziorako aukera baztertu".
Steilas sindikatuak Bilbon duen egoitzan prentsaurreko batean egin dute iragarpena. Langileen ordezkariek argi utzi dute ez dutela Sailaren proposamena sinatuko, eta beste behin, "benetako negoziazioa" jardun dezala galdegin diote.
Jakina zen sindikatuek mobilizazio gehiago deitzeko asmoa zutela, baina zehazteke zegoen lanuzte kopurua. Euren lan baldintzak hobetzeko eta 2010etik iraungita dagoen lan hitzarmena berritzeko aldarriarekin, urtarriletik bederatzi greba egun egin dituzte Hezkuntzako kolektibo horretan. Horrenbestez, maiatzean ere grebara deituko dituzte berriro 27.000 langileak.
Denbora tarte horretan, Hezkuntza Sailak izan duen jarrera kritikatu dute sindikatuok. "Sailak negoziaziorako atea zabalik duela saldu du behin eta berriro, baina errealitatea bestelakoa izaten ari da", salatu dute. Hala, "jarrera itxia, eszenifikazioa, edukirik gabeko bilerak, eta greba desaktibatzeko xantaiak" egitea leporatu diote Begoña Pedrosa sailburuari. Diotenez, Hezkuntza Sailak "urteak daramatza edukiak inposatzen", eta euren ustez, "harrokeria horrek" eragin du oraingo egoera.
Azken proposamenak aurrekoarekiko dituen aldaketez galdetuta, sindikatuek aitortu dute "alde txikiak, eta aurrerapauso batzuk" izan direla, baina berretsi "nahikoak ez" direla. Argitu dutenez, Sailak badaki zeintzuk diren euren aldarrikapenak, eta horiek "mahai gainean jarri arte ez da benetako negoziaziorik egongo", ohartarazi dute.
Besteak beste, honako aldarrikapenak aipatu dituzte: lan-zamak arintzeko neurri zehatzak, erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea, plantillen gazte-berritze plana eguneratzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea eta ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegu publikoa bermatzea.