Ekonomia -

Garraioa eta mugikortasuna

2027tik aurrera autobietan kamioientzako bidesariak ezartzea planteatu du Arabako Foru Aldundiak

Data horretatik aurrera pixkanaka ezarriko lirateke, A-1 eta N-240 errepideetan aurrena. Gainera, Arabako Aldundiak AP-68ko bidesaria ibilgailu guztientzat mantentzeko asmoa du, baina egungo prezioak "nabarmen" jaitsiz.

A-1 autobia. Irudia: EITB
A-1 autobia. Irudia: EITB
A-1 autobia. Irudia: EITB

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Foru Aldundiak planteatu du AP-68 autobideko bidesaria mantentzea ibilgailu guztientzat, baina "askoz txikiagoak" izango diren tarifekin, eta 2027tik aurrera pixkanaka gainerako errepideetan kamioiei soilik bidesariak ezartzea, A-1 eta N-240 errepideetatik hasita.

Jon Nogales Mugikortasun Jasangarri eta Errepide Azpiegituren diputatuak proposamenak aurkeztu ditu gaur Arabako Batzar Nagusietan. Era berean,  kontratatutako azterlan teknikoen ondorioak azaldu ditu, gaitasun handiko ererpideak kudeatzeko eta finantzatzeko eredurik egokiena zehazteko.

Proposamenak sistema misto bat definitzen du, 'free-flow' teknologia eta AP-68aren kasuan hesia duten bidesariak konbinatzen dituena; eta 'free-flow' sistema bakarrik gaitasun handiko gainerako errepideen kasuan. Bestalde, hobari programa bat aurreikusten du ohiko erabiltzaileentzat. Halaber, ezartzen du sortutako baliabide guztien helburua izango dela "Foru Errepide Sarea kontserbatzea eta modernizatzea".

Planteamendua Arabako Gaitasun Handiko Errepideak Finantzatzeko eta Kudeatzeko Sistemari buruzko lantaldearen azken txostenari buruzko akordio politikoan oinarritzen da. "Arabarren zergak ezin direla izan errepideak kontserbatzeko eta modernizatzeko finantziazio iturri bakarra", ondorioztatu du diputatuak.

Aldundiak 12 milioi euro bideratzen ditu, batez beste, Foru Errepide Sareko 1.400 kilometroak kontserbatu eta mantentzera. Hala ere, INECO enpresaren azterlanaren arabera, "soilik gaitasun handiko 168 kilometroak konpontzeko eta mantentzeko urteko inbertsioa 16 milioi eurokoa izan beharko litzateke".

Foru diputatuak nabarmendu duenez, "eredua ez da bideragarria"; izan ere, "baliabide publiko faltagatik inbertitzeari uzten zaion euro bakoitzak errepideak asko hondatzea dakar, eta konponketa lanak aurrera eramateko beharrezko inbertsioa biderkatu egiten da".

Arabat foru sozietate publikoa izango da AP-68 autobidean eta Arabako gaitasun handiko gainerako errepideetan ordainketa sistema kudeatuko duen erakundea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak AP-68 autobidea Arabako Foru Aldundia Merkantzia-garraioa