Ekonomia -

GERRA KOMERTZIALA

Pradales alderdi politikoekin elkartuko da, Trumpen muga-zergen aurrean batasuna bilatzeko

Lehendakariak "batuta eta ausardiaz" erantzuteko deia egin du, baina "lasaitasuna" eskatu du.

Pradales, Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Pradales, Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Pradales, Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Imanol Pradales lehendakariak bilera-sorta egingo du gaur Eusko Legebiltzarreko alderdi politiko guztiekin, Voxekin izan ezik, Donald Trump AEBko presidenteak iragarritako muga-zergen aurrean "batasuna" bilatzeko.  

Batzarrak lehendakaritzan izango dira, 09:00etan hasita, ordezkari gutxien dituen alderdiarekin, hau da, Sumarreko Jon Hernandezekin.

10:15ean Javier de Andres EAEko PPren presidentea hartuko du Pradalesek, 11:30ean Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusia, 12:45ean Pello Otxandiano EH Bilduren Legebiltzarreko ordezkari nagusia, eta 14:00etan Joseba Diez Antxustegi EAJren Parlamentuko bozeramailea.

Pasa den ostiralean, Eusko Legebiltzarreko kontrolerako saioan, lehendakariak "batuta eta ausardiaz" erantzuteko deia egin zuen, baina "lasaitasunez" eta "alarmismoan" erori gabe.

Imanol Pradalesek esan zuen Eusko Jaurlaritzak "azkar" erantzun duela, eta "eragile guztiekin lankidetzan" aritu dela "etengabe". Hala ere, onartu zuen egoera "apartekoa" dela.

Aurreko asteazkenean, Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen 2.150 milioi euro bideratuko dituela AEBko Gobernuaren muga-zergei aurre egiteko.

EH Bildu

EH Bilduk aurreratu du Otxandianok proposamen bat helaraziko diola lehendakariari, "muga-zergen edo unean uneko arazoen erantzun hutsetik" harago, arreta "herrialdearen gaitasunak indartzeko lehentasun estrategikoetan" jarriz.

EH Bilduren ordezkariaren ustez, Donald Trump egiten ari dena "huts egin duen mundu mailako eredu ekonomikoaren sintoma argia" da, eta ezin zaio "azaleko irtenbideekin" aurre egin.

Horregatik, EH Bilduren esanetan, "elkarlanean, elkarrizketan eta eraldatzeko anbizioan oinarritutako politika da zalantzaz betetako garai honi aurre egiteko modu bakarra".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Ekonomia EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Sumar Mugimendua Imanol Pradales