Ekonomia -
Industria
Asteartean mobilizatzeko deia egin dute Bridgestoneko sindikatuek, enpresaren "interes falta" salatu ondoren
Lan-erregulazio espedientearen kontsulta-aldian zuzendaritzak eta sindikatuek egin duten hirugarren bilera akordiorik gabe amaitu da. Hortaz, sindikatuek astearte honetarako (apirilak 15) deitutako greba-deialdiari eutsi diote, Basaurin eta Usansolon.
Agentziak | EITB Media
Bridgestone enpresako sindikatuek asteartearte honetan (apirilak 15) mobilizatzeko deiari eutsi diote, Basauriko (Bizkaia) eta Puente San Migueleko (Kantabria) lantegietan iragarri dituzten kaleratzeen aurka. Astelehen honetan CCOO, UGT, BUB, SITB eta ELA sindikatuek zuzendaritzarekin egin duten bilera ez da oparoa izan eta langileen ordezkariek enpresak "etorkizun bideragarri bati buruz" hitz egiteko "interes falta" daukala salatu dute.
Enpresak aurkeztu duen lan-erregulazio espedientearen kontsulta-aldiko hirugarren bilera izan da gaurkoa. Espedienteak kalean utziko lituzke Basauriko fabrikako 335 langile (guztien % 40) eta Puente San Migueleko lantegiko 211 langile (guztien % 50).
Batzarrean sindikatuek berriro eskatu dut lan-erregulazio espedientea atzera bota dezatela. Ondoren, elkarrekin kaleratu duten komunikatuan salatu dute enpresak "konpromiso falta" erakutsi duela berriz ere, joan zen ostiraleko bileran egin ziren "galdera-sortako itaun batzuei bakarrik erantzun" dielako. Sindikatuen iritziz, enpresak oraindik ez ditu lan-erregulazio espedientearen nondik norakoak argitu. Era berean, uste dute zuzendaritzak hurrengo bilerara (apirilaren 24rako deitu dute) indartuta joan nahi duela, "kanpoko birkokatze-plan bat" egiteko, eta azaldu dute "etorkizun bideragarri bati buruz hitz egiteko interes falta" duela.
Sindikatuen aburuz, Bridgestoneren zuzendaritzak "hasierako estrategiari eusten dio, lantegien iraupena posible egingo duen plan industrial bat eskatzen duten langileen, erakundeen eta gizartearen eskariei muzin eginda". Era berean, "onartezina" iruditzen zaie "kaleratze masiboak iragartzea eta ez alternatibarik ez ematea".
Hortaz, sindikatuek "borrokan jarraitzeko" deia egin dute eta hirugarren greba egunari eutsi diote, asteartean, Basauri eta Puente San Migueleko lantegietan. Era berean, Usansoloko langileak ere deitu dituzte, lankideei babesa emateko.
Lantegien sarreretan elkarretaratzeak egiteko eta pikete informatiboetan parte hartzeko deia egin diete langile guztiei. Era berean, eguerdian egingo dituzten elkarretaratzeetan hurrengo egunetarako jarraibideei buruz hitz egingo dute.
Langileen batzordeak hiru greba egun deitu zituen (apirilaren 8, 11 eta 15ean) lan erregulazio espedientearen aurka protesta egiteko. Aurreko bietan jarraipena erabatekoa izan zen eta lantegietako jarduna gelditu behar izan zen.