Ekonomia -
LAN-GATAZKA
Hirugarren greba eguna Bridgestonen: sindikatuek plan industrial bideragarri baten falta salatu dute
Langileen batzordea eta zuzendaritza datorren astean bilduko dira negoziazio-mahaian, apirilaren 24an, hain zuzen ere; bitartean, sindikatuek borrokan jarraitzeko deia egin diete langileei. Ekoizpena "geldirik" dagoela adierazi dute.
EITB MEDIA
Bridgestone enpresak, Basauriko eta Usansoloko lantegietan, hirugarren eta oraingoz azken greba eguna du gaur, 335 kaleratzeen aurka sindikatuek deituta. Zuzendaritzaren eta langileen batzordearen arteko hirugarren bileraren ostean, sindikatuek salatu dute enpresak ez duela industria-plan bideragarririk aurkeztu.
Zuzendaritzarekin bildu ostean etorkizun bideragarri bati buruz hitz egiteko interes falta salatu dute sindikatuek, hirugarrenez. Hiru bilera horietan, langileen ordezkariek erregulazio-espedientea baztertzeko eskatu diete enpresako arduradunei.
Langileen batzordea eta zuzendaritza datorren astean bilduko dira negoziazio-mahaian, apirilaren 24an; bitartean, sindikatuek borrokan jarraitzeko deia egin diete langileei. Gaur dute oraingoz deitutako hiru greba egunetako azkena, eta lanuztearekin batera, elkarretaratzea egingo dute Basauriko lantegiaren atarian, eguerdian.
831 langile daude guztira eta 335 dira kaleratzeak; langileak neurri horren aurka agertu dira berriro, Usansolon ere greba eginda, "erabateko jarraipenarekin".
Batzordearen presidenteak adierazi du ekoizpena "geldirik" dagoela Basauriko eta Usansoloko lantegietan, eta langileek "borrokan eta mobilizatzen" jarraitu nahi dutela. Txandetan informazio-piketeak egon dira, eta eguerdiko hamabietan Basaurin langileak biltzea aurreikusi da.