Ekonomia -
AIREKO TRAFIKOA
Bilboko aireportuak bidaiarien errekorra hautsi du martxoan; Forondan eta Hondarribian, trafikoak gora
Loiuk milioi erdi bidaiari baino gehiago izan zituen martxoan, hilabete horretan Aste Santuaren ohiko bultzada izan ez arren. Forondak eta Hondarribiak ere 2024ko erregistroak hobetu zituzten.
EITB MEDIA
Bilboko aireportuak bidaiari-kopuru errekorra eginda itxi du martxoa: 530.744 pertsona izan dira bertan, iazko epe berean baino % 4,6 gehiago. Hazkunde hori are nabarmenagoa da, 2025ean apirilean baita Aste Santua, eta 2024an, berriz, martxoan izan zen.
Urteko lehen hiru hilabeteetan 1.311.092 bidaiari hartu ditu Loiuko aireportuak, aurreko urteko lehen hiruhilekoan baino % 1 gehiago. Espainiatik zetorren trafikoak % 1,9 egin zuen gora, 317.475 erabiltzailerekin, eta nazioartekoak, % 9,1, 212.208 bidaiarirekin.
Operazioei dagokienez, martxoan 4.200 aireratze eta lurreratze erregistratu ziren Bilbon, iaz baino % 7,3 gehiago. Urtarriletik martxora bitartean, joan-etorriak 10.739 izan ziren, iaz baino % 3 gehiago.
Forondako aireportuak ere hobera egin zuen martxoan, 17.638 bidaiarirekin, 2024an baino % 0,7 gehiago, Aste Santuko egutegia gorabehera. Lehenengo hiruhilekoan, igoera nabarmenagoa izan da: iazko aldi berean baino % 15,4 erabiltzaile gehiago izan dira.
Forondako karga-trafikoa, bestalde, % 2,2 hazi zen martxoan, 5.974 tonara helduta, baina hiruhilean metatutakoa % 4,5 jaitsi zen, 17.050 tona garraiatuta. Eragiketa kopurua % 3,5 jaitsi zen martxoan, baina % 2,1 igo da hiruhileko osoan.
Bestalde, Hondarribiko aireportuak 37.000 bidaiarirekin itxi zuen martxoa, 2024an baino % 8,4 gehiago. Joan-etorri kopurua % 10 igo zen, 453 joan-etorri. Urtarriletik, aerodromoak 93.279 bidaiari eta 1.161 hegaldi batu ditu, % 1,3 eta % 5,9ko hazkundeak, hurrenez hurren.