Ekonomia -
Lan erregulazio espedientea
Hiru greba egun gehiago deitu dituzte Basauriko Bridgestone lantegian apirilaren 24, 25 eta 26rako
Apirilaren 24tik maiatzaren 31ra erregistratu dituzte lanuzteak, baina, oraingoz, lehen hiru egunak baino ez dituzte deitu. Beste mota bateko protestak ere aurreikusi dituzte, gatazka ageri-agerian egon dadila.
Agentziak | EITB Media
Basauriko (Bizkaia) Bridgestone lantegiko greba-batzordeak hiru greba egun gehiago deitu ditu pneumatiko fabrikan, 335 behargin kaleratuko dituen enplegu-erregulazio espedientearen aurka. Zehazki, apirilaren 24, 25 eta 26rako deitu dituzte lanuzteak.
Batzordeak ohar bidez nabarmendu duenez, orain arte deitutako hirugarren greba-aldiak erabateko jarraipena izan du, eta ekoizpena etetea ekarri du. Usansoloko lantegian (ez dago kaleratzerik iragarrita bertan) eta Kantabriako Puente San Miguelekoan ere (211 behargini eragingo dio espedienteak) greban daude gaur.
Mobilizazioen ondotik, iragarri dute hiru lanuzte gehiago egin behar dituztela, berez epe zabalagoa erregistratu duten arren (hilaren 24tik maiatzaren 31ra arte).
Horrekin batera, gatazka gizartean ikusarazteko beste neurri batzuk aztertzen ari direla ere azaldu ute; laster emango dute horien berri. Halaber, apirilaren 25ean (11:00) langileak asanblada orokor batera ditu dituzte.
Apirilaren hasieran, zuzendaritzak lan-erregulazio espedientearen berri eman eta berehala sindikatuek deitutako hiru greba egunetan azkena izan da gaurkoa Basauriko plantako langileentzat. Usansoloko lantegiko beharginentzat, berriz, bigarren lanuztea da; horiei ez die eragiten erregulazioak, baina elkartasuna adierazteko mobilizatu dira.
Bridgestoneren zuzendaritzaren erabakia Kantabriako Puente San Migueleko plantako 211 langile kaleratzea ere ekarriko du (plantilla osoaren % 50). Han ere, greba eguna dute gaur.
"Higatze" estrategia
Enplegu-erregulazio espedientearen prozeduran zabaldutako kontsulten barruan, bilera izan zuten atzo zuzendaritzak eta sindikatuen ordezkariek. Etsita eta mobilizaziorako deia eginez atera ziren langileak hitzordutik. Basauriko enpresaren etorkizunaz hitz egiteko borondaterik ez dagoela salatu dute.
Gaur zabaldutako oharrean, protesten aurrean langileak erakusten ari diren babesa eta jarrera txalotu dituzte zentralek. Hori bai, ohartarazi dute enpresak hala erabakita "prozesu luzea" izango dela, plantilla pixkanaka "higatzea" delako helburua.
Igor Mena CCOOren ordezkariaren arabera, enpresak ez du egoera bideratzeko apusturik egin nahi. Nolanahi ere, ziurtatu du lantaldea "indartsu" dagoela, lantegia bideragarria dela sinetsita daudelako. "Guk uste dugu badagoela etorkizuna, badagoela lana hona ekartzeko", azaldu du.
Bidgestonek Espainiako Estatuan dituen planta guztientzako "irtenbideak" exijitu dituzte. "Inor ez dago sobera", erantsi dute.