Ekonomia -

Abiadura Handiko Trena

Ministroen Kontseiluak 78,6 milioi euroko partida onartu du 'Euskal Y'-aren katenaria jartzeko

Garraio Ministerioak Adifen bidez egingo du lanen lizitazioa eta adierazi du linearen "elektrifikazioan funtsezko urratsa" emango duela. Bitartean, aurrera doaz Bizkaiko adarreko eta Bergarako lotuneko plataformetako lanak, baita trenbideak jartzeko proiektuak ere.

AHTren lanak. Argazkia: EFE.
AHTren lanak. Argazkia: EFE.
AHTren lanak. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak 78,6 milioi euro bideratu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko abiadura handiko trenaren, Euskal Y-a deiturikoaren, ibilbide osoan katenaria jartzeko lanak egiteko. Ministroen Kontseiluak astearte honetan eman du lanen lizitazioa egiteko baimena.

Ministerioak Adif AVren bidez egingo du lizitazoa. Lanen helburua izango da trenek energia hartzeko erabiliko duten tentsio altuko kableak trenbide sail osoan jartzea. Zehazki, katenaria jarriko da, alde batetik, Gasteizko irteeratik Bilbora iritsi aurreko tarteraino (Galdakao-Basauri); eta bestetik, Astigarragaraino. Trenek aurreratzeko eta gelditzeko erabiliko dituzten puntuetan, linea batetik bestera pasatzeko puntuetan eta bidegurutzeetan ere ezarriko dira kableak. 

Ministerioaren arabera, "linea osoa elektrifikatzeko bidean funtsezko aurrerapausoa" eman dute lanotarako diru-partida esleituta. Bitartean, "Bizkaiko adarreko plataformako lanak amaitzen eta trenbideak jartzeko proiektuak aktibatzen" ari direla ere azpimarratu dute.

Hala, Gipuzkoako adarrean trenbideak jartzeko proiektua idazteko zereginak esleitu ditu Adifek. Bizkaiko adarrean trenbideak ezartzeko oinarrien proiektua, berriz, lizitazio fasean dago.

Lanen egoera

Ministerioak obrek une honetan duten egoeraren berri ere eman du. Jakinarazi du Gasteiz eta Bilbo arteko adarrean 14 tarte amaitu dituztela. Gainerako bostak amaitzear daudela esan du, tartean, Bergarako lotunea osatzen duten sei tarteetatik hiru.

Eusko Jaurlaritzak egikaritu zuen Gipuzkoako adarra amaituta dago.

Bestetik, Bilborako sarrerako proiektuekin eta Abandoko geltokiaren berrikuntzarekin lanean ari direla jakinarazi du. Astigarraga-Irun tartean, aldiz, hirugarren trenbidea dagokion zabalerara egokitzen ari dira eta Irungo geltokia eraldatu eta handitzeko lanean ari dira.

Horrez gainera, Astigarragan geltokia egin ahal izateko, Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena sinatzeko baimena eman du Espainiako Gobernuak eta Arkautiko lotunea eraikitzeko 181 milioli euro Jaurlaritzari bideratzeko agindua sinatu du.

Azkenik, jakinarazi du Adifek argitaratu duela Burgos eta Gasteiz arteko abiadura handiko linea eraikitzeko lanen eskaintza; alegia, Euskal Y-a deiturikoa Espainiako abiadura handiko linearekin lotuko duen tartea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Abiadura Handiko Trena Garraio publikoa