Ekonomia -

IKERKETA

Trumpen politiken ondorioz AEBtik alde egin nahi duten ikerlariak hartzeko lanean ari da Euskadi

Ikerbasquek nazioarteko 45 ikertzaile erakarri zituen 2024an, eta Europan erreferentziazko zientzia-polo gisa duen zeregina indartu zuen.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikerbasquek Euskadin ikerketarako funtsen errekorra lortuta itxi zuen 2024a. Bere ikertzaileen lanari esker 47 milioi euro baino gehiago erakarri zituen, aurreko urtean baino bi milioi gehiago, eta Europako erreferentziazko zientzia-eragile gisa duen posizioa sendotu zuen.

Iaz, fundazioak bederatzi herrialdetako 45 ikertzaile hartu zituen, eta orain AEBn lanean dauden eta Donald Trumpen politiken ondorioz herrialdea utzi nahi duten euskal zientzialariak hartzeko negoziazioetan ari da. Guztira, 35 herrialdetako 402 profesionalek dihardute Ikerbasquen, hiru kategoriatan banatuta: finkatutako 201 ikertzaile, 112 ikertzaile gazte eta 89 "research associates", ikerketa-karrerako tarteko figura.

Lortutako finantzaketari eta erakundeen bultzadari esker, 2024aren amaieran 1.643 pertsonak egiten zuten lan Ikerbasqueko ikertzaileek gidatutako taldeetan. Gainera, inpaktu handiko aldizkari zientifikoetan 1.553 artikulu argitaratu ziren, eta kanpo-finantzaketako 1.300 proiektu baino gehiago gidatu ziren, horien artean 30 European Research Council (ERC) ospetsuarenak.

Ikerketa-jarduerak eragina izan zuen enpresa-esparruan ere, proiektuen emaitzetan oinarritutako 41 spin-off sortu edo bultzatu baitziren. Horren ondorioz, Europako Batzordeak sei aldiz aitortu du Ikerbasquerek talentua erakartzeko duen programa kontinenteko ekimen zientifiko onenetakoa dela.

Fundazioko ikertzaileek 25 euskal unibertsitate eta zentrotan egiten dute lan, besteak beste, UPV/EHUn, Deustun, Mondragon Unibertsitatean eta puntako zentroetan, hala nola BERC, CIC, Tecnalia, Azti eta Euskadiko osasun-ikerketako institutuetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak