Ekonomia -

LAN-GATAZKA

Bertan behera geratu dira Gipuzkoako Avanzako lanuzteak, deialdiaren jakinarazpenean forma akatsa egin baitzen

Aste Santu betean, apirilaren 16tik 22ra zeuden lanuzteak deituta, baina jakinarazpenean atzerapenak izan dira eta enpresak legez kanpokotzat jo du deialdia. Langileen ordezkariek ohartarazi dute aldarrikapenekin aurrera jarraituko dutela, eta laster deituko dituztela mobilizazio gehiago.

Avanzako langileen protesta, artxiboko irudian. Argazkia: EITB
Avanzako langileen protesta, artxiboko irudian. Argazkia: EITB
Avanzako langileen protesta, artxiboko irudian. Argazkia: EITB

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Avanza (Lurraldebus) autobus konpainiaren lanuzteak bertan behera geratu dira, deialdiaren jakinarazpenean forma akatsa egin zelako, EITBk jakin duenez. Nolanahi ere, langileen ordezkariek adierazi dute aldarrikapenekin aurrera jarraituko dutela, eta, laster deituko dituztela mobilizazio gehiago. Hala, gaur goizean ohiko zerbitzua ematen ari dira autobus geltokietan.

Itxura guztien arabera, grebaren jakinarazpenean izandako atzerapenagatik geratu da bertan behera lanuztea. 10 eguneko aurrerapenez jakinarazi behar da greba deialdia. ELA eta LAB sindikatuek apirilaren 5ean jakinarazi zioten Jaurlaritzari, baina enpresari apirilaren 7an adierazi zioten grebaren lehen eguna gaur zela, 9 egun lehenago, alegia. Greba legez kanpokoa dela salatu zuen enpresak, eta, ondorioz, deialdia bertan behera utzi dute, erabat.

Gaur hasi eta hilaren 22ra arte egitekoak ziren lanuzteak, Aste Santu betean, lan-baldintza hobeak aldarrikatzeko. Besteak beste, "gehiegizko lanaldiak" eta "aparteko orduen kontrol eza" salatzen zuten deitzaileek. Euren esku daude, besteak beste, Donostia Bilboko eta Gasteizko aireportuekin lotzen duten autobus-zerbitzuak. 

Sindikatuen arabera, enpresak ez du egoera bideratzeko borondaterik eta, bien bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundia "ezikusiarena" egiten ari da. Hala, gatazkan esku har dezala eskatu diote foru erakundeari.

Egunotako deituta zeuden sei egun horiekin, guztira 24 ziren deitutako greba egunak, baina, esan bezala, deialdiaren jakinarazpenean akatsa izan da, eta, hortaz, ez da lanuzterik izango.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako azken albisteak Gipuzkoa Grebak Ekonomia 2025 Eguneko albisteak Albisteak Lurraldebus albisteak Garraio publikoa gaur