Ekonomia -
Gerra komertziala
Bizkaiko metalgintza ari da dagoeneko Trumpen muga-zergen gerrak utzitako ondorioak pairatzen, FVEMren arabera
Adolfo Rey Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioaren (FVEM, gazteleraz) zuzendariaren hitzetan, nagusi den "ziurgabetasuna"ren eraginez, enpresak inbertsioak "geldiarazten edo atzeratzen" ari dira, zer gerta zain. AEB laugarren merkatua da sektore horrentzat.
Agentziak | EITB Media
Adolfo Rey Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioaren (FVEM, gaztelerazko sigletan) zuzendariak ziurtzat jo du Donald Trumpek abiatutako muga-zergen gerraren ondorioz, enpresak inbertsioak "geldiarazten edo atzeratzen" ari direla. Ez du, ordea, eragin hori kuantifikatu nahi izan.
Europa Press albistea agentziari egindako adierazpenetan Reyk azaldu duenez, ezarritako 90 eguneko etena gorabehera, "azkenean data oso zehatza da, eta nik enpresa bat banu, edozein erabaki hartu baino lehen nik itxaron egingo nuke, badaezpada, zer gerta ere".
FVEMren zuzendariaren hitzetan, egungo egoera "ziurgabetasun" erabatekoarena da. Nabarmendu duenez, "erabakiak egun batetik bestera aldatzen dira, eta horrek dakarren ondorio nagusia da jendea geldi egotea, erabakirik ez hartzea. Normala da hori". Behin 90 eguneko etena igarota zer gerta daitekeen galdetuta, Rey zuhur agertu da: "Komeni da aieruka ez ibiltzea, (Trumpek) egun batetik bestera aldatzen du iritzia eta".
Reyesen ustez, Donald Trumpek "duela 80 urte indarrean dagoen ordena irauli du, eta ikusi beharko berrezartzen ote den, baina argi dago ez dela gauza bera izango. Horren arabera, ikusiko dugu nolakoa den eragina".
Nabarmendu duenez, muga-zergek ez diote AEBko merkatuari bakarrik eragiten —laugarren bezeroa da Bizkaiko enpresentzat—, merkatuak "elkarren artean lotuta daudenez", denei eragiten die. "Modu batera edo bestera eragingo digu", ohartarazi du.
Adolfo Reyk begi onez ikusi ditu Eusko Jaurlaritza eta Europako Batzordea egoerari erantzuteko hartzen ari diren neurriak, eta Trumpen jokamoldearen aurka, "gogoeta, adostasuna eta lasaitasuna" galdegin ditu.
850 enpresa daude Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioaren baitan, eta AEB laugarren merkatua da eurentzat.