Ekonomia -
ISUNAK
Bruselak 500 milioiko isuna jarri dio Appleri, eta 200ekoa Metari, Merkatu Digitalen Legea urratzeagatik
Teknologia enpresa handien gehiegikeriak eragozteko asmoz zigorra ezarrita ebatzi diren lehen bi kasuak dira.
Agentziak | EITB MEDIA
Europako Batzordeak iragarri du 500 milioi euroko isuna ezarri diola Appleri, eta 200 milioi euroko bat Metari, Merkatu Digitalen Europako Lege berria ez betetzeagatik. Horiek dira, hain zuzen, teknologia enpresa handien gehiegikeriak eragozteko asmoz zigorrarekin ezarrita ebatzi diren lehen bi kasuak.
"Applek eta Metak ez dute Merkatu Digitalen araua bete, enpresak eta kontsumitzaileak plataformekiko mendekotasuna izan dezaten bultzatzen duten neurriak ezarri baitituzte. Ondorioz, neurri irmoak baina orekatuak hartu ditugu bi konpainien aurkako legea betearazteko, arau argiak eta aurreikusteko modukoak oinarri hartuta", iragarri du ohar batean Teresa Ribera Trantsizio Garbi, Justu eta Lehiakorrerako Europako Batzordearen presidenteordeak.
Bruselak iaz jarri zituen martxan enpresak ikertzeko espedienteak: alde batetik, Applek bere App Storeko garatzaileei ezartzen dizkien murrizketak, erabiltzaileei ezin baitiete plataformatik kanpoko alternatiben berri eman, eta, bestetik, Metak bere zerbitzuetan ezarri zuen "ordaindu edo onartu" eredua.
Europar Batasuneko arau berriek konpainien negozio-bolumenaren % 10erainoko isunak ezartzea ahalbidetzen die Europar Batasunaren organoei. Hala ere, Europar Batasunak adierazi duenez, zehapena kalkulatzeko aringarriek ere izan dute eragina; adibidez, Merkatu Digitalen Legeak urtebete baino ez darama indarrean, eta epe laburra da hori, eta araudia oso konplexua da, gainera.
Isuna jakinaraztearekin batera, 60 eguneko epea ireki da konpainiek bete dezaten, eta, hala egin ezean, Bruselak bestelako neurriak ezarriko ditu, isun gehigarriak jartzeko.