Ekonomia -
NEKAZARITZA ETA EGUZKI ENERGIA
Lursail berean eguzki plakak jarri eta letxugak eta patatak landatzea bateragarria den aztertuko dute Arkautin
Neikerrek belarki-laboreen Espainiako azpiegitura agrovoltaikorik handiena inauguratu du Arkautin, eta lur azalera bera erabiliko da nekazaritza jarduerarako eta eguzki-energia bidez elektrizitatea lortzeko. Guztira, 212 modulu fotovoltaiko instalatu dira 8.000 metro koadrotan banatuta.
EITB Media
Gaurtik aurrera, instalazio agrovoltaiko esperimental berritzaile bat martxan dago Araban, besteak beste, aztertzeko posible ote den lursail batean eguzki-energiaren bitartez elektrizitatea sortzea eta nekazaritza ustiategi bat izatea.
Neikerrek gaur goizean aurkeztu du Arkautin ezarritako eredua: Espainiako Estatuko belarki-laboreen azpiegitura agrovoltaikorik handiena da, 8.000 metro koadrotan banatutako 212 modulo fotovoltaikok osatua. Eremu horretan, egitura agrovoltaikoen azpian baratze batzuk jarriko dira, besteak beste, letxuga eta patatak landatzeko, eguzki energia sortzen den aldi berean barazkien egokitzapena eta jasangarritasuna ebaluatu ahal izateko.
Guztira, aipaturiko eguzki plaka horiek urtean 163.914 kWh sortuko dituzte, 50 etxebizitzak batez beste kontsumitzen duten adina.
Sortutako energia guztia Arkautiko kanpuseko autokontsumorako erabiliko da, eta horrekin nabarmen murriztuko da sareko elektrizitatearen kontsumoa.
Baratze-alorren azaleraren erdia (4.000 m2) egitura agrovoltaikoan instalatuko da (nekazaritza-ekoizpena eta eguzki-panelen instalazioa) eta beste erdia nekazaritza-erabilera esklusiboko kontrol-eremu gisa mantenduko da. Diseinu horri esker, zehaztasunez aztertu eta alderatu ahal izango dira bi eremuetako nekazaritza-ekoizpenaren errendimenduaren arteko aldeak.
Gaur goizean Neikerren zentro teknologikoaren egoitzan (Arkautin) egin duten aurkezpenean parte hartu dute, besteak beste, Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzaren Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak eta Olatz Unamunzaga Neikerren zuzendari nagusiak.
Barredo sailburuak nabarmendu duenez, "instalazioak trantsizio energetikoan aurrera egiteko aukera emango dio Euskadiri, nekazaritza-jarduera, landa-lurzoruaren erabileraren ardatz nagusia, arriskuan jarri gabe". "Eguzki-energiak landaren ekoizpen-ahalmena osatu behar du, ez ordezkatu", gaineratu du.
"Helburua da aztertzea ea energia sortzea bateragarria izan daitekeen elikagaiak ekoiztearekin; bateragarria bada, irtenbide oso ona izan liteke gure sektorearentzat", adierazi du Olatz Unamunzagak.
Bestalde, azpiegitura berriak Neiker buru duen Europa mailako AgriPower proiektua garatzeko plataforma ere izango da.