Ekonomia -

LIBURU-AURKEZPENA

Enrico Lettarekin bildu da lehendakaria, Europaren etorkizunari buruz hausnartzeko

Ajuria Enea jauregian egin dio Pradalesek harrera Italiako lehen ministro ohiari, eta, arratsaldean, "Europa. Última oportunidad" liburua aurkeztuko du EITBren Bilboko egoitzan.

Letta eta lehendakaria, harrera ofizialean. Argazkia: EITB
Letta eta lehendakaria, harrera ofizialean. Argazkia: EITB
Enrico Lettari harrera ofiziala egin dio lehendakariak Ajuria Enean

0:23

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Imanol Pradales lehendakariak Enrico Letta Italiako lehen ministro ohi eta IE School of Politics, Economics and Global Affairsen IE Universityko dekanoarekin bildu da Ajuria Enean, eta, arratsaldean, Europa. Última oportunidad (Europa. Azken aukera) liburuaren aurkezpenean parte hartuko dute bi-biek IE Universityk eta EITBk 17:30ean, EITBko multibox aretoan, antolatutako ekitaldian. Bertan, bi liderrek elkarrizketa irekia izango dute Europak agertoki global berrian dituen erronka handien inguruan.

Europa. Última oportunidad liburua Europako 65 hiritan bederatzi hilabetez egindako ibilbide luzearen emaitza da. Ibilbide horretan, Enrico Lettak 400 bilera baino gehiago egin zituen politika, enpresa, sindikatu eta gizarte munduko ordezkariekin, eta elkarrizketa horietatik abiatuta, Letta txostena idatzi zuen. Bertan, Europaren batasuna indartzeko eta merkatu bakarra modernizatzeko beharra planteatzen du, merkatu hori XXI. mendeko errealitate ekonomiko, sozial eta teknologikoetara egokitzeko.

Euskadi ere bisitatu zuen Lettak bere bidaian, "En Bilbao, ideas para simplificar la vida a las pequeñas y medianas empresas (PYME)" (Bilbon, enpresa txiki eta ertainen bizitza sinplifikatzeko ideiak) atalean agertzen denez, eta Pradales lehendakariarekin izandako elkarrizketa ageri da hor. Besteak beste, Europan gaur egun dauden herrialdetik herrialdera arau eta zerga aldeak jorratzen dira bertan.

Lehendakariak, hain zuzen ere, askotan aipatu izan du Letta txostena Europaren etorkizun ekonomiko eta industrialerako funtsezko dokumentuen artean. "Europako industriaren berpiztean Euskadi bezalako naziorik gabeko estatuen ahotsa ere kontuan izan behar da", esan izan du lehendakariak, eta "Europako proiektua sakoneko eraldaketekin indartu beharra" ere azpimarratu du, Letta, Draghi eta Niinistören txostenen ildotik.

Aurrez, martxoan, Madrilen aurkeztu zuen bere liburua Lettak, Carlos Cuerpo Espainiako Ekonomia ministroa eta Antonio Garamendi CEOEren presidentea ondoan zituela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Euskal Autonomia Erkidegoa Europa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Italia Imanol Pradales