Ekonomia -
LANGABEZIA
Langabezia-tasa % 7,7ra jaitsi da EAEn eta % 7,4ra igo da Nafarroan, lehen hiruhilekoan
Iazko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, langabeziak zortzi hamarren egin du behera EAEn eta 1,33 puntu Nafarroan, hurrenez hurren, Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera.
AGENTZIAK | EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoan 4.300 langabe gutxiago zeuden urteko lehen hiruhilekoan, eta langabezia tasa % 7,71n kokatu da —2008tik urteko lehen hiruhilekoan izandako txikiena—, Espainiako Estatistika Institutuak astelehen honetan argitaratutako Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera. Guztira, langabetuak 82.900 dira.
Landunen kopuruak ere gora egin du urteko lehen hiruhilekoan. 11.300 lanpostu sortu dira, eta, guztira, 992.000 landun daude. 2008tik lehen hiruhileko batean izandako okupazio-tasarik handiena da.
Iazko lehen hiruhilekotik aurtengo lehen hiruhilekora, 9.000 langabe gutxiago daude EAEn (% 9,8) eta 7.000 lanpostu sortu dira (% 0,7).
Bestalde, Nafarroa da Estatuko langabezia-tasarik baxuena daukan autonomia erkidegoa: % 7,49. Aurtengo lehen hiruhilekoan 25.200 langabe zenbatu dituzte Nafarroan, aurreko hiruhilekoan baino 2.700 gehiago, eta iazko hiruhileko berean baino 4.200 gutxiago.
Landun kopuruari dagokionez, 311.400 dira Nafarroan, aurreko hiruhilekoan baino 7.600 gutxiago, baina iazko lehen hiruhilekoan baino 7.500 gehiago.
Espainiako Estatuan 193.700 langabe gehiago erregistratu dituzte 2025eko lehen hiruhilekoan, eta guztira 2.790.000 pertsona daude lanik gabe. Halaber, 92.500 landun gutxiago izan dira lehen hiruhilekoan, eta, guztira, 21.760.000 pertsona dabiltza lanean.