Ekonomia -
ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
Osalanek aitortu du gizonei emakumeei baino laneko gaixotasun gehiago onartzen zaizkiela
Lourdes Iscar Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen zuzendariak gehitu du, hala ere, handitzen ari dela feminizatutako sektoreetako laneko gaixotasunen kopurua.
eitb media
Gaur, Laneko Osasunaren eta Segurtasunaren Nazioarteko Egunean, langileak, sindikatuak eta erakundeak kalera atera dira prebentzio neurriak eskatzeko, eta istripu eta laneko gaixotasunak direla eta kargu hartzeko.
Egun honen harira, Lourdes Iscar Osalanen zuzendari orokorra elkarrizketatu dute Radio Euskadin, eta istripuaren "aurretik" jarri nahi izan du arreta, hau da, prebentzioan.
Horregatik, azpimarratu du laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak "etengabe" lan egiten duela prebentzioan, "ez istripuak gertatzen direnean bakarrik". Hori horrela, "prebentzioaren kultura" defendatu du.
Langileak zaintzearen ardura "enpresarena" dela esan du, baina segurtasunarena eta prebentzioarena enpresak, "tarteko kargudunek, gerenteek, prebentzio arduradunek eta langileek" banatzen dutela.
Istripu larriei dagokienez, zehaztu du aurtengo lehenengo hiruhilekoan 7 langile hil direla EAEn, eta 12 hil zirela epe berean, iaz. Gainera, azaldu du 20 urtean % 40 jaitsi dela hildako langileen kopurua, baina kausak berdinak direla: altuera handiko erorketak, makinak iraultzea eta makinetan harrapatuta geratzea.
Iscarrek "guardia ez jaisteko" deia egin die langileei, ez dagoelako "guardia jaisteko urgentziazko arrazoirik" lan arloan, eta makinen mantenuan inbertitzeko, eta erabiltzen erakusteko eta beharrezko baliabideak eskaintzeko eskatu du.
Bestalde, Osalanen zuzendariak langileei dei egin die "jakinaren gainean jartzeko patologia batek lanpostuarekin zerikusia duela uste badute", horrela atzeman ahal izateko eta horrek langileari ematen dizkion eskubideak aitortu ahal izateko.
Iscarren esanetan, orain dela gutxi arte ez da genero ikuspegirik txertatu laneko gaixotasunen azterketan, nahiz eta "desberdin gaixotzen" diren, eta maiz, sektore desberdinetan lan egiten duten.
Gainera, aitortu du laneko gaixotasun gisa onartzen direnen artean, gehiagotan direla gizonezkoenak, nahiz eta emakumeenen kopurua handitzen ari den.
CAFeko sindikatuek Osalani egin dioten kritiken harira (amiantoa kentzeko prozesuan nahikoa baliabide ez ematea leporatzen diote), erantzun du "injustua" dela Osalani esatea "ez duela behar duena egiten, are gehiago CAFen", Osalanek "amiantoa kentzeko egitasmo guztietan parte hartu duelako", eta "langile asko" jartzen dituelako amiantoaren biktimak artatzeko.
Azkenik, jakinarazi du prebentzioko irakasle bat ikertzen ari direla LABek jarrera matxistak eta arrazistak salatu ostean. Dena den, gehitu du prestakuntza azpikontratatu egiten dutela, eta irakasleak ez direla Osalaneko langileak.