Ekonomia -
LAN-GATAZKA
BOSeko langileen greba "legez kanpokotzat" eta "gehiegizkotzat" jotzea eskatu du orkestraren zuzendaritzak
Agiri batean, zuzendaritzak salatu du aurreikusitako lanuzteek milioi erdi euro inguruko kaltea ekarriko diotela Arriaga Antzokiari, eta 27.000koa, orkestrari berari.
EITB MEDIA
Juan Crisostomo de Arriaga-Bilbao Orkestra Sinfonikoa Fundazioaren zuzendaritzak Lan-arloko Jurisdikzioari eskatu dio langileek apirilaren 30erako eta apirilaren 1erako deitutako protestak "legez kanpokotzat" eta "gehiegizkotzat" jo ditzala. Arriaga Antzokian ematekoak diren 'Mari-Eli' zarzuelaren emankizunetan daude aurreikusita lanuzte partzialak.
Agiri batean, zuzendaritzak salatu du langileek Arriaga Antzokia euren aldarrikapenen "gatibu" hartu dutela, Jesus Guridi XX. mendeko euskal konpositore garrantzitsuenetako baten lan baten "estreinaldi betean".
Halaber, arduradunen iritzian, langileen batzordeak Bizkaiaren "kultur etorkizunaren defentsan" ari dela esaten badu ere, protesten bidez kulturari "kalte larria" egiten ari zaizkio, eta "ondare" hori berreskuratzea "ezinezkoa" izango da. Era berean, zuzendaritzak erantsi du egoera horren aurrean, langileek "azalpenak" eman beharko dituztela.
Lanuzteek eragindako kalte ekonomikoa ere salatu dute oharrean. Zuzendaritzak dio 'Mari-Eli' ikuskizuna bertan behera geratzeak milioi euro inguruko kaltea eragingo diola Arriaga Antzokiari, eta 27.000 eurokoa, orkestrari.
Zentzu horretan, fundazioak langileei egotzi die "eskubideak gehiegikeriaz erabiltzea", eta hainbat datu eman dituzte: aipatutako zarzuelan 44 musikarik hartzen dute parte, eta 28 librantza teknikoan egongo dira. "Hau da, lan egin gabe kobratu egingo dute".
2023an orotara BOSeko langileek 15.980 ordu eman zituzten "librantza teknikoan", eta 2024an, 11.190 ordu. Zuzendaritzaren arabera, datuok erakusten dute 2023an 10 musikari egon zirela "une oro librantza teknikoan", eta 2024an, 7.